Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Suddenly III': hasiera baten amaiera

Dokumentuaren akzioak

'Suddenly III': hasiera baten amaiera

Iazko martxoan Suddenly bakarkako lehendabiziko proiektua aurkeztu zuen Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak. Urte guzti honetan lan hori garatzen eta borobiltzen ibili da. Orain, ikuskizun berriarekin, iaz hasitakoari amaiera bat eman nahi dio.
Komunikabidea
Baleike
Mota
Albistea
Data
2018/02/13
Lotura
Baleike

Jaiotz Osak iazko martxoan hasitako Suddenly proiektua hirugarren fasera iritsi da. Hala, otsailaren 17an, larunbatean, Donostiako Gazteszenan aurkeztuko du proiektuaren azken geltokia, 20:00etatik aurrera. Lan honetan, Xabier Mujikaren laguntza izan du eszenografia eta jantzi kontuetan. “Suddenly ni bakarrik hasi nuen proiektua izan zen, baina hasieratik izan nuen Mujikaren laguntza, eta horrela, Osa + Mujika kontzeptua jaio zen”, kontatu du dantzari zumaiarrak. Urte honetan, proiektua garapen eta biribiltze prozesu batean murgilduta egon da, eta hain zuzen, Osa + Mujika taldeak zeresana dauka lanketa horretan. “Hasiera batean Suddenlyespazio ez komertzialetan aurkezteko sortu zen, kalerako, adibidez. Baina eszenatokirako luzatzen hasi ginenean, 20 minutuko lehen bertsio bat egin genuen, hau da, Suddenly II. Antzokirako zerbait egin nahi genuen, eta probatzen hasi ginen; dramaturgian elementuak gehitzen. Esan daiteke lan hori, trantsizio edo ibilbide moduko bat izan dela azkenean Suddenly III-ra iristeko. Guztiaren bukaera izango da larunbatean estreinatuko duguna”, adierazi du.

Baina, proiektu berriaren filosofia Osak Suddenlyn hasi zuena da. “Arriskuak eta bertigoak hor jarraitzen dute, baina lehenengo pieza hartan, inpultsuei kasu egitean, ondorio positiboak antzematen ziren. Orain, ordea, ondorio ezberdinak ikusiko dira, eta ez hain baketsu edo positiboak. Egoera tentagarri edo desiragarri horietaz haratago doa pixka bat”, nabarmendu du.

Hain zuzen, eszenografian arreta berezia jarri dute argiztapen aldetik, eta baita jantzi eta atrezzoko elementuen aldetik ere. “Mujikaren ikuspuntua nabarmentzen da lan honetan, izan ere, sorkuntza ez da soilik mugimendu batetik hasten, beste elementu batzuk ere garrantzia handia dute. Bion esentziaren fusioa ikusten da pieza honetan”, esan du.

Kolore arrosaren presentzia

Suddenly obran, kolore arrosak berebiziko garrantzia zuen ikuskizunaren garapenean. Lan berrian arrosak hor jarraituko du, baina dena ez da izango kolore horretakoa. “Suddenlyn argitasuna eta kolore arrosa polit hori ikusten zen bezala, orain momentu batzuk askoz ere ilunagoak daude. Aurreneko obra hartan ikuslea gonbidatzen genuen bihozkada horiei kasu egitera, salto egitera. Orain planteatzen duguna da agian salto eginez gero, beste ondorio batzuk ekarriko dituela. Hausnarketarako planteamendua askoz ere handiagoa da”, adierazi du.

Lehen proiektu hartan kaktusa eta alfonbra arrosa obrako elementu azpimarragarriak ziren. “Hor jarraitzen dute, gauza gehiago gertatzen dira beraien inguruan, eta beste elementu batzuk ere agertzen dira. Momentuz ezin dut gehiago kontatu”, esan du irribarretsu.

Bakarlari gisa hasi zuen lehen lanaren amaiera izango da pieza hau, eta gogotsu da estreinaldirako. “Egoera natural batean iritsi naiz azken pieza honetara. Sorkuntza erraza izan da, poliki-poliki egin baitut, denbora hartuz. Hala ere badut gogoa istorioari amaiera emateko eta jendeak ere amaiera hori ikusteko”, kontatu du. Suddenlyrekin hainbat herritan ibili zen Euskal Herrian zehar, eta Espainiako hiriburu batzuetan ere aurkeztu zuen, baita Berlinen ere. “Harrera oso ona eduki zuen, eta niretzat oso pozgarria izan zen zerbait pertsonala zelako. Orain, Osa + Mujikarekin hasi naizen ibilbide berri honetan, guretzat garrantzitsuena da benetan nahi duguna egitea eta sorkuntzan murgiltzea. Ikusleak antzokira sartu eta beraien buruan erreakzio bat  gelditzea lortu nahi dugu”.

Azken pieza hori 50 minutuko ikuskizuna izango da, eta Gazteszenan aurkeztuko dute, iaz, Osak lehenengoarekin egin zuen bezala. Erresidentzia teknikoak lantzeko aukera ematen dute, eta egonaldi artistikoak ere bertan gauzatzen dituzte. “Etxean egotea bezala da, eta guretzat plazer bat da bertan estreinaldia egitea”, amaitu du.

DFerian emanaldia

Suddenly III estreinatu ondoren, antzokietan pieza aurkezteko asmoarekin, distribuzio lanetan hasiko dira Osa + Mujika. Hala ere, lanez gainezka dabil Osa, izan ere, martxoaren 5ean hasiko den DFerian emanaldia izango du Lasala konpainiarekin. Microclimate lana estreinatuko du. Irailean, Lasala konpainiarekin baita, beste estreinaldi bat izango du.

'Suddenly III': hasiera baten amaiera

Argazkiak: Mariló Miguez.

Dokumentuaren akzioak