Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Suaren gaueko guganaino iritsi diren mitoak

Dokumentuaren akzioak

Suaren gaueko guganaino iritsi diren mitoak

Euskal Herrian kea, sua eta sorginkerietarako unea da San Juan eguna. Ura, senda belarrak eta sua protagonista bilakatzen den unea da San Juan.

Egilea
Ainhoa Mendiburu
Komunikabidea
El Pais
Mota
Erreportajea
Data
2001/06/25

Luzaiden diotenez, gauerdian, hamabiak jotzen duen unean, errekako ura ardo bihurtzen da eta harriak, ogi. Une horretan erreka bazterretan izanez gero, bizitza osorako zoriontasuna lor daiteke.



Nafarroan San Juan gauerdian erreka edo iturrietan bainua hartzeko ohitura zegoen. Hartara urte osoz katarro eta gripea uxatzea lortzen zuten.



Beste zenbait tokitan ekainaren 24ean eguna esnatzearekin batera lehen ihintza hartzeko ohitura zuten. Osasunentzat ona omen da. Horregatik asko ziren larru gorritan belarretan etzanda ihintzaren zain izaten zirenak, katarroa sendatzeko erremediorik onena zelakoan.



Ekainaren 24ko goizaldean, San Juan egunaren lehen orduekin batera asko ziren landare bila abiatzen zirenak, udako solztizioarekin batera landareak indartu egiten zirela baitzion ohiturak.



Luzaiden berriz, hildakoak bidaia ona egin zezan, hil kutxan San Juan egunean bedeinkaturiko landareez beteriko buru oihala jartzen zen.



San Juan sua da guganaino iritsitako ohitura eta suarekin batera dantzariak dira protagonista. Gau horretan gizonezkoek dantza egiten baitute, nahi duten neska plazara gonbidatuz.



Gipuzkoan, Zerainen San Juan goizean etxe aurrean sua piztu eta inguruan bira egiten zuten 'San Juan dala, sugea ta zapoa kanpora, artoa ta garie barrura ' esanaz.



Urdiaingo emakumeek jantzi erlijiosoak soinean zituztela gari sorotan ematen zuten gaua, borobil bat egin eskutik heldu eta 29 bertsoz osatutako San Juan gaueko kantua abestu.



Emakumeek urtero egiten zuten Kantaia urte osorako uzta oparoak ziurtatuz. Jose Maria Satrustegi etnografoak berreskuratu du Urdiaingo kantaia, eta azken zortzi urtetatik hona gero eta dantza talde gehiagok egiten dute: Errenteriako Iraultza, Tolosako Udaberri eta aurten baita Hernanin ere.



2001. urteak uzta oparoak, gutxienez eman beharreko emaitzak, eman ditzan bada-ezpada Urdiaingo emakumeek kantaiaren amaieran botatzen dituzten bertsoak gogoraraziko ditugu: 'Orain arte belar, hemendik aurrera gari'.

Dokumentuaren akzioak