Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soul doinuek hartuko dute Aitzuri frontoia Astinduren ikuskizun berriari esker

Dokumentuaren akzioak

Soul doinuek hartuko dute Aitzuri frontoia Astinduren ikuskizun berriari esker

Egilea
Juan Luis Romatet
Komunikabidea
Baleike
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2023/12/10
Lotura
Baleike

The Blues Brothers musikala taularatuko dute Astindu dantza taldeak eta Zumaiako Musika Bandak abenduaren 23an Aitzuri frontoian. Bi emanaldi izango dira, eta sarrerak dagoeneko salgai daude.

Telebistatik zinek pantailetara, eta Chicagoko kaleetatik Zumaiako Aitzuri frontoian prestatuko duten agertokira. The Blues Brothersen unibertsoa hartu dute gai bezala Astindu dantza taldeko eta Zumaiako Musika Bandako kideek beraien musikal berrirako. Ikuskizuna abenduaren 23an izango da eta bi emanaldi eskainiko dituzte: 18:00etan lehena eta 20:00etan bigarrena. Bi saioetarako sarrerak salgai daude hilaren hasieratik turismo bulegoan. Sarrerak 9 euroan daude salgai, 5 euroan 12 urte arteko haurren kasuan. Pertsonako sei sarrera erosi ahal izango dira gehienez.

"Lehen saiorako sarrera ia guztiak agortu dira, baina bigarrenerako oraindik geratzen dira", dio Astinduko Mila Bakedanok Torreberriko entsegu lokalean jarritako hitzorduan. Berekin dira Urrategi Egaña, Bego Blanco, Esti Irureta eta Pavis Beiras koreografoa. Jake eta Elwood Blues-en gisara jantzi dira bostak ere entsegu saio labur honetarako: galtza, txaketa, betaurreko, korbata eta txapel beltzak, eta alkandora zuria. Ispilu aurrean jarri, soul eta blues doinuak ozen erreproduzitu, eta Beirasek sortutako koreografia entseatzen hasi dira.

Bi urtean behin antolatzen dituzte Astinduk eta Bandak ikuskizun handi hauek. Aurretik, Chicago, Queen edo Mamma mia! bezalako musikalak eraman dituzte jendaurrera. Oraingoan, berriz, John Belushi eta Dan Aykroyd komikoek sortutako bikotearen, eta izandako arrakastaren ondorioz 1980an estreinatutako filmaren espiritua eramango dute oholtza gainera. "Aurreko musikala [Mamma mia, 2021] amaitu eta berehala hasi ginen hurrengoa zer izango zen pentsatzen. Urteko batzarrean ideiak proposatzeko eskatu genuen, eta urtebete geroago aukeratu genuen gaia", dio Bakedanok. Ordutik lanean dabiltzala diote Astinduko kideek: koreografiak sortu eta Beirasek proposatutako mugimenduak ikasi, abestiak aukeratu, eta abar luze bat.

Herria dantzan

Koreografiak sortzeko prozesua "ezohikoa" izan dela dio Pavis Beiras koreografoak. Aurretik ere kolaboratu izan du Zumaian egiten diren musikaletan. Aurretik askatasun gehiago izan du dantzak sortzeko. Oraingo honetan, filma bera musikal bat izanik, lan originaleko koreografia batzuk errespetatu ditu, baita berri batzuk sortu ere haren eragina mantenduz.

Orain arte, dantza taldea eta musika banda bakoitza bere aldetik aritu da entseatzen; datorren ostiralean, baina, entsegu orokorrekin hasiko dira frontoian bertan. Datak hurreratzen ari direla ikusita urduritasuna igertzen zaie dantzariei, baita agertokira atera eta beraien artea herritarren erakusteko gogoa ere. "Musikal hauek sortzeak lan handia suposatzen du, baina egia da, baita ere, horiei esker jende ugari gerturatu dela Astindura, eta parte hartzeko gogo handia dute", azaldu du Egañak.

Guztira, 60 bat dantzarik hartuko dute parte. Horiei musika bandako kideak, Zumaiako Musika eta Dantza Eskolako antzerki eskolako ikasleak eta abeslariak gehitu behar zaizkie. Virginia de la Casa eta Aitor Salaberri arituko dira Aitzurin kantuan. Guztira, ehundik gora lagun arituko dira The Blues Brothers musikal honetan.

Dokumentuaren akzioak