Euskal konpainiak protagonista nagusi izango dituen BLV-ART jaialdiaren aurtengo edizioa gaur berton hasiko da. Apirilaren 10era arte, Bilbo Zaharreko hainbat espaziotan sorkuntza artistikoko formatu berriak erakutsiko dira.
Aurten ere, jaialdia “proposamen eszeniko berritzaile onenez gozatu nahi duten pertsona guztien topagune bihurtuko da”. Aurtengo edizioa euskal konpainiek guztiz osatutakoa izango da, eta dantza garaikidea, performancea, musika eta dramaturgia berriak ikusgai izango dira. Proposamen horiekin batera, kontzertu-performanceak, musika esperimentala edo bideo-dantza ere egingo dira.
San Frantziskoko Udaltegiak, Bilborock Aretoak, BilbaoArteko espazioek eta Berreginen Museoak, besteak beste, hamaika proposamen berritzaile erakutsiko dituzte. Horien artean, hiru erabateko estreinaldi nabarmenduko dira: Input konpainiaren Play, DOOD Colectivoren Within eta Gheadaren El mejor de los mundos. Euskadiko estreinaldi batere badago: Éramos unos niños que escuchaban música en su cuarto, Quemar las Naves konpainiarena.
Gaur, apirilaren 1ean, inaugurazioa izango da Berreginen Museoan, eta bertan, Dani Hernandez, Dereko Van Der Bulcke eta Emilio Manzanoren La Grieta kontzertu performatiboarekin gozatzeko aukera egongo da.
BLV-ART programaren informazio guztia hemen duzue.