Dokumentuaren akzioak
Sorginak eta Intxixuak itzuli dira Kataxulora
Bikainak izan dira aurtengo Ihoteak. Jendetza bildu da hiru egunetan Doneztebe plazan
Goiz goizetik hasi zen festa igandean. Lartaungo txistulariak ibili ziren Diana jotzen, herritarrak esnatzeko asmoz. Gero, Elizalde Herri eskolako partaideek hartu zuten festaren lekukoa, desfile ederra atonduz. Eskolatik abiatu eta Belutenetik barrena herriraino iritsi ziren. Bidean dantza, abestia eta antzerkia tartekatu zituzten, inguruko ikusleak alaituz. Hantxe ikus zitezkeen sorginak, intxixuak... ederki apainduak.
Aurreko asteetan egindako jantziak primeran luzitu zituzten, bai horixe. Guraso talde batek ere ez zuen huts egin eta dantza alaiak eskaini zituzten bidean zehar. Giro polita jarri zuten guztiek eta Ihoteetako igande goiza ederki animatu zuten.
Igande goizak protagonismo berezia hartu du azken urteetan, Elizalde Eskolako Karroxari esker. Proiektu horretan, eskola komunitate guztiak du lekua, ikasle, irakasle eta gurasoak.
Mutxikoak, dantza eta jauzi
Mutxikoak ere jarri zuten haien partea. Eguerdi partean, zakuz jantzita ederki aritu ziren astean zehar ikasitakoa erakusten. Bikain beste behin ere. Makina bat dantza ikusteko parada eskaini zuten. Eguraldi tristeari aurre eginez, musikaz eta dantzaz bete zituzten gure herriko kaleak.
Arratsaldean, berriz, Intxixuek eta Sorginek izan ziren protagonista. Ordurako, herriko plaza mozorroen kolorez eta alaitasunez zipriztinduta zegoen. Jendea erruz bildu zen Doneztebe plazan, ostiralean adina, Intxixuen eta Sorginen dantzak eta ibilerak ikusteko irrikaz. Haien dantza saio ederrak ikus zitezkeen suaren inguruan.
Nolanahi ere, herriko haur, gazte eta gaztetxoak ez ziren kikildu eta dantzan aritu ziren irribarretsu, alaitasun hori herritarren artean kutsatuz.
Iluntzean, Ihoteen abestia kantatu ondoren agurtu ziren Intxixu eta Sorginak hurrengo urtera arte, Kataxuloko bidea hartuz. Azkenik, suzko akerrak eman zien despedida aurtengo Ihoteei.
Iturriotz auzoko talde jendetsua Soroan.
Dokumentuaren akzioak