Dokumentuaren akzioak
Sorgin, hartz eta bolanteen aldi
Hartzaro Uztaritzen, Libertimendua Donapaleun, hainbat herritan izango dira inauteriak
Uztaritzen, Hartzaro
Dantzariak, bolantak barne, parean izanen dituzte, beren neurri
eta jantzi argiekin. Bien artean, Luku anaiak, Bixente Hirigarai eta
Ximun Cazaubon bertsolariak. Plazakoa bururatu eta, bazkaria dago
Aiziritzeko gelan. Hori bai, antolatzaileek azpimarratu dutenez,
«libertimendua besta bat da, eta ez ikusgarri bat. Hemen ez dira ikusgarri-jendarteko
hiztegi eta moldeak aplikatzen. Hau gure inauteria da, gure gazteek
erakusten digute gure plazan zer duten tripan, eta denek batean
finitzen dugu dantzan».
Beti inauteri kontu, uztariztarrak hartza iratzartzen hasiko
dira bihar bertan. Aspaldian Uztaritzen (Lapurdi) ospatzen duten
Hartzaro jaialdiaren karietara, bi astetarako hainbat ekitaldi
prestatuak dituzte. Bihar bertan Xabier Itzaina ikerlariak Lapurdiko
Toberei buruz hitzaldi bat emanen du, 18:00etan; eta ondotik,
21:00etan, EH Hortik Hart dokumentala aurkeztuko dute Kanada eta Argentina artean egin bidaiaz.
Larunbatean, goizean xerria hil eta, 17:00etan eskolen arteko
inauteria egingo dute, eta 18:00etan Kaskarot txikiak. 21:00etan
Arruntzako elizan, Amaren Alabak taldeak kantaldia emango du, eta
Bulgariako kantu tradizional birmoldatuak abestuko ditu Balkanoak
taldeak.
Igandean, berriz, Heraitze auzoan 10:00etan haurren inauteria
eta Zanpantzarren auzia egin eta, 11:00etan mutxikoak dantzatuko
dituzte, eta goiza bukatzeko zintzur bustitzea. 17:00etan, Bertso eta
biolina Amets Arzallus eta Ortzi Oihartzabalekin.
Asteburuko beste ekitaldi bat Ziburun (Lapurdi) dute. Bihar
bertan sorgin gaua egingo dute Ziburuko plazan. Sorginez jantziko
direnak plazara biltzera gonbidatu dituzte. 20:00etan karriketan ibili
eta musika lagun, 21:00etan mutxikoak emanen dituzte suaren inguruan.
Begiraleak dantza taldeak Hiriburu bere dantza berria emateko
baliatuko du saioa. Egun nagusia biharamunean dute. 16:00etan berriz
ere karriketan gaindi ibiliko dira, baina orduan Donibane
Lohizuneraino. Joaldun anitz bilduko dira, tartean Bizkaitik eta
Arabatik etorriak. 18:00etan Donibane Lohizuneko plazan egingo diote
auzia Zanpantzarri.
Nafarroa iparraldean ere bai
Hainbat herritan izango dira inauteriak Nafarroan, Malerreka ingurutik Bortziri eta Leitza aldera doaz.
Arantzan gaur hasiko dira mozorro zuriak etxez etxe eskean.
Bihar ere izango dute nahiko jan eta edana. Herri kirol desafioa izango
dute arratsaldean, eta gauean bertso afaria, Jexux Mari Irazu eta Jon
Maiarekin. Aranon ere egun osoko festa izango dute larunbatean,
goizetik abiatuko baitira etxez etxe eskean, trikitilarien
laguntzarekin. Bazkaria izango dute gero mozorroek, baita afaria ere.
Tapia eta Leturia arituko dira musika jotzen.
Eibarren (Gipuzkoa), berriz, koko dantzak egingo dituzte
larunbatean. Mandiola eta Agina aldera joango dira. Koko dantzariek
makila dantza egingo dute baserrien aurrean, eta mamarruek saria
pasatuko dute baserritarren opariak jasotzeko.
INAUTERIAK
Non. Donapaleun, Uztaritzen, Ziburun, Arantzan, Aranon...
Kaldereroak eta inude eta artzainak iritsiko dira asteburuan Donostiara
Asteburuan izango dute zerekin gozatu donostiarrek. Larunbat gauean kaldereroak iritsiko dira hirira, eta igandean, inude eta artzainen jaia egingo du Kresala elkarteak. Kaldereroak 21:50ean hasiko dira zartaginak astitzen. Konpartsak Juan Rafael Alday Lasarte arkitektoa omenduko du aurten, Kontxako Baranda diseinatu zuenetik ehun urte bete direlako. Inude eta artzainen konpartsa, berriz, igande eguerdian aterako da. Sarriegik konposatutako Inudeen konpartsa piezaren erritmoan dantzan ibiliko dira 150 partaideak, Konstituzio plazara iritsi arte; hor bestelako dantzak egingo dituzte. Berara ere (Nafarroa) iritsiko dira kaldereroak larunbatean, inauterietako ekitaldi garrantzitsuenetakoa da. 19:00etan Illekuetan hasi eta Herriko Etxeko plazaraino egingo dute ibilbidea.
Dokumentuaren akzioak