Dokumentuaren akzioak
Sorgin eta mozorroen aldi
Lapurdin, jadanik hartza iratzarria dute. Orain,
sorgin eta maskaren ordua iritsia zaie. Bihar ospatuko dute Sorgin gaua
Ziburun, azken urte hauetan famatua egin den jaia.
Plazan elkartuko dira denak arrastiria iristearekin batera.
Su handi bat izanen dute bestaren bihotza. Sorginez janztea gomendatzen
dute antolatzaileek, eta bereziki Euskal Herriko sorginak irudikatzeko
usaian erabiltzen den itxurarekin. Musika eta dantzaz loratuko dute
guztia.
Donibane Lohizunek ere inauteriak hasiak ditu. Batetik,
Veneziako inauteriek inspiratu maskara erakusketa, Rodolphe Delgadok
eginak dituena.
Senperek, bestalde, San Pantzar erreko du asteburu honetan.
Etzi erre aitzin, bihar azken afaria janen dute Gantxiki trinketean.
Larunbatean, 10:00etan hasiko dira etxez etxe, eta, ondotik, ostatuz
ostatu. 12:30ean karpapean zintzurra bustitzeko adina ukanen dute Los
Incognitosen musikarekin. 15:00etan hasiko dute desfilea, eta 16:00etan
San Pantzar auzia. Ondotik, arratsaldeko askaria. 19:00etan, berriz,
zintzur bustitzea.
Kanpoko konpartsak Iruñean
Bihar hasiko dira Iruñeko Donibane auzoko inauteriak, Galiziako
eta Kantabriako hainbat konpartsen parte-hartzearekin. Inauteriok
tradizio handia dute Iruñean, zaharrenetakoak baitira. 1977an
antolatzen hasi ziren lehen aldiz.
Inauterien hasiera bihar bertan izango da, Jasokunde Plazan,
19:30ean, eta larunbatean ohiko puska biltzea egingo da auzoko
kaleetan. Bildutakoarekin, eguerdian, bazkaria egingo dute Donibane
Peñan. Arratsaldean txokolate jana egongo da La Vaguadan, eta, ondoren,
kalejira. Hau da, inauterietako ekitaldirik nagusiena.
Bertan izango dira Ourenseko (Galizia), Os Cigarrons
konpartsako kideak eta Silioko (Kantabria, Espainia) konpartsakoak ere.
Cigarronekoek 25 kiloko jantzia daramate, eta zintzarriak zintzilik.
Siloko konpartsako pertsonairik ezagunenak zamarracoak dira, joaldunen
antza handia daukaten pertsonaiak.
INAUTERIAK
Non. Ziburun, Donibane Lohizunen, Senperen (Lapurdi) eta Iruñeko Donibane auzoan.
Noiz. Asteburuan.
Dokumentuaren akzioak