Dokumentuaren akzioak
Sokatik askatu ezinik
Kritika Dantza
Hain zuzen, suediar koreografoak obra honekin ekin zion ballet klasiko
batzuk birmoldatzeari, eta fase hori amaituta, bere benetako bidea
garatu zuen, gai propioak landuz eta kemen handiko hizkera
koreografikoarekin aztertuz gizakiaren baitako borrokak eta norbanakoek
gizartearekin duten tentsioa.
Giselle honetan ere igartzen dira geroan garatuko
zituen zantzu ezin pertsonalagoak, batez ere Giselleri emandako
tratamenduan, haren figura nortasun handikoa eta zeharo gaurkoa
iruditzen zaigulako. Dena den, suediarraren oraingo estiloa leku
askotatik agertu da, eta bereziki nabarmena iruditu zaigu Hilarionek
bigarren zatian egiten duen solo desesperatuan, baita dantzaren inguruko
elementu plastikoen dentsitate psikologikoan ere.
Baina Mats Ek ere soka pare bati lotuta ibili zen lan honen
birmoldaketan, eta haietariko lehena da jatorrizko partitura XIX.
mendeko ballet estiloko musikaren zorduna dela, hau da, orduko edozein
burges asetzeko modukoa. Gainera, argumentua hertsiki lotuta doa
konposizioari, eta nik uste dut bigarren soka horrek ere asko
baldintzatu zuela koreografoaren emaitza.
Ek-ek, aldiz, erabateko maisutasuna erakutsi zuen indar handiko
talde koreografia distiratsuetan, eta, zelan ez, Giselle, Albrecht eta
Hilarionen pasarteetan. Gisellerena, berez, rol zailenetariko bat da
ballet klasikoan, eta bertsio garaikidean ere hala izan da, baina Caelyn
Knightek bizitasunez eta pozez jantzi du bere pertsonaia, eta txoriño
bat balitz bezala gainditu ditu zailtasun tekniko guztiak, Albrechten
bihotza ez ezik ikusleena ere konkistatuz.
'Giselle'
Konpainia: Lyongo Operako Balleta. Koreografia: Mats Ek. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroaren 20a.
Dokumentuaren akzioak