Txotxongiloak ere joandako denbora islatzen du: Basterretxearen iragana. “Objektuek zein txotxongiloak iragana islatzen dute, eta aurkezlearengan dago bizitzeko gogo hori, aurrera egin gura hori, gerora heltzeko desira hori”.
Txotxongiloen mundu magikoaz “maitemindu” zen Basterretxea Anita Maravillas antzerki konpainiarekin lanean hasi zenean, eta horregatik aukeratu du txotxongiloa bere lanaren protagonista gisara: “Oso behinolakoa iruditzen zait kobazuloetatik egiten dena, amak umeari eskuekin egiten diona. Eta, hortik hasita, mundu ikaragarri handi bat da, forma asko dituena. Hor sentitzen naiz gustura”. Euskal Herrian haurrentzako txotxongilo antzezlan “asko” egiten direla dio, baina ez helduentzat. “Helduak uste du txotxongiloa umeentzat dela, eta benetan mundu magikoa da, tradizioarekin konektatzen gaituena, irudimenarekin, magiarekin... eta hori ere islatu egin nahi nuen”.
Basterretxeak aitortu du Valentina Raposo txotxongilo egileak eman ziola txotxongilo dantzari bat egitearen ideia. “Argi neukan ıragana landu nahi nuela, baina ez nekien zer, ez zelan egin. Eta Valentinak argi esan zidan dantzaria izango zela”. Gainera, berezitasun bat dauka: Basterretxearen aurpegia darama. “Iragana zelan kontatu erabaki behar nuen, eta eszenatokian ni, objektuak eta txotxongiloa bakarrik egonda, eta ni aktore lanetan ere arituta, Valentinak esan zidan nire berdina izan behar zuela, nire iraganaren eta nire orainaren erakuslea”.
Horrela, txotxongilo hibrido bat sortu zuen, bere gorputzarekin osatzen dena. Biak bat dira, eta lan “oso teknikoa” dela baieztatu du artistak. “Niretzat oso lan teknikoa izan da, mota honetako txotxongiloak erabili gabe nituelako. Tailer ezberdinetako ariketak uztartu ditut, eta zer eta zelan kontatu erabaki behar izan dut. Izan ere, berak ez du hitz egiten, eta nik bai. Lan teknikoa eta aldi berean emozionala izan da. Bera da aktorearen iraganeko ametsa”.
Egindakoarekin “pozik” dago Basterretxea, eta bere ikuskizun “txiki eta goxoetan” ikusleak egoerarekin identifikatuta ikusten ditu. Gainera, uste du Igarok balioko diela ikusteko txotxongiloak ez direla umeen kontua bakarrik. Hainbat ikuskizun eskaini ditu orain arte, eta azarorako jarri du hurrengo hitzordua, Deban; zehazteke daude eguna eta ordua. Orduan ere, noizbat zerbaiten parte izan ziren objektuei bizia emango die artistak, kutxa berriro zabalduz, eta amets hautsien dantza ospatuz: “Bada zamak baztertu eta arrastra daramagun kutxak arnas eman diezagun uzteko unea”.