Dokumentuaren akzioak
Soka, euskal dantzari buruzko erakusketa ibiltaria ikusgai Biarritzen
Ostiral honetatik urriaren 11ra bitartean, ikusgai izango da Biarritzen euskal dantzaren atal ezberdinak elkartu eta erakusgai jartzen dituen ‘Soka, euskal dantzaren urratsetan’ erakusketa ibiltaria. Euskal Kultur erakundeak ekoiztua eta, besteak beste, Etxepare Euskal Institutuak babestua, euskal dantzaren inguruko eduki ezberdinak eskaintzen ditu lau hizkuntzatan (euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa). Uda honetan, Boisen antolatu den euskal jaialdian egon da ikusgai eta irailaren 11tik aurrera, Biarritzeko Santa Eugenia elizpean, 150 metro koadroko eremuan.
Erakusketak 400 ilustrazio baino gehiago biltzen ditu, baita zazpi bideo sorkuntza original eta Sokarentzat eginak izan diren argazki andana bat ere. Bideoen artean, nabarmentzekoak dira euskal dantzaren estetikaz edota alderdi sozialari buruz egin direnak. Era berean, EKE-k sortutako "Eleketa" ahozko memoriaren bilketan grabatu diren euskal dantzaren inguruko lekukotasunetako batzuk ere ikusgai izango dira erakusketan. Baita erakusketaren partaide den Euskadiko Filmategiko altxor batzuk ere.
Erakusketa egunero bisitatu ahal izango da, 14:00etatik 19:00etara, asteartetan izan ezik. Hilaren 26an bisita gidatua egingo da euskaraz, bertsolari batek zuzendurik. Ondotik dantza ikuskizuna eskainiko da kaleetan, Biarritzeko euskal dantza taldeekin. Mintzalasai festibalaren eta Biarritzeko Merkealdiaren arteko partaidetzaren babesean.
Soka, EKEk ekoiztu du, Gipuzkoako Diputazioarekin eta Donostia 2016-rekin partaidetzan. Euskal dantza hobeto ezagutaraztea du helburu, publiko zabalari batez ere.
Dokumentuaren akzioak