Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Soka-dantzan

Dokumentuaren akzioak

Soka-dantzan

Agintarien soka-dantza da Eusko Ikaskuntzaren 1. kongresutik gelditu zaigun irudirik ezagunena: galaz jantzirik, gizon andana -guztiak ziren gizonezko-, serio demonio, eskuz esku ibilian.
Egilea
Aingeru Epaltza
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Mota
Iritzia
Data
2018/11/20
Lotura
Noticias de Navarra

“Asmoz eta jakitez” goiburuari men, ukaezina da erakunde honek Euskal Herriko jakin-tzari mende batean egin dion ekarpena. Asmatu, ez zuen beti asmatuko 1918tik hona, baina bai behar izan denetan. Euskaltzaindia sortu zuelarik, abiatu eta urtebetera. Gerla ondoan, Iparraldean lanari berriz ere lotu zitzaiolarik. 1954an, ohartarazi zuelarik: “Erne euskaldunok: euskara hiltzeko arriskuan dago”. Eusko Ikaskuntza sortu zeneko Euskal Herriak ikusteko guti du mende bat geroagokoarekin, ez ekonomiaren, ez politikaren, ez egitura administratiboen aldetik. Kezka intelektualak bulkaturik sortu zutenek ez zuten amestuko jakintzaren eragintzak gure herrian egun duen ikuspegi askotarikoa. 2018an, jakitez nor aritu ez dugu hemen falta. Asmoz dihardutenak, berriz, ez dira hainbertze. Jakitea, berez, deus gutitarako baita, asmatzeko balio ez badigu, aditzaren adiera zabalean. Zazpi probintzietan jakintzan ari zirenei elkartzeko plaza eskaintzeko sortu zenak izan du euskal izaera urardotzeko eta jakintsuendako klub pribatua bilakatzeko arriskua. Horri uko eginik, inoiz baino (euskal) herritarrago antolatu du Eusko Ikaskuntzak bere mendeurreneko kongresua. Geroa elkar-ekin lelo adierazgarria hautatuta, etorkizunean ezarri du begia, asmatzen ez dena eraikitzen zaila dela jakitun. Gure 5 hiriburuetan bere aztarna utzi ondoan, bere sorlekura itzuliko da heldu den asteburuan, Oñatira. Duela mende bat, Alfontso XIII.a izan zen han, Baionako, Gasteizko eta Iruñeko apezpikuekin batera. Oraingoan, ez da erregerik ez gotzairik izanen Oñatin. Bai, ordea, euskal agintari eta kargudunak, gizon eta emakume. Eusko Ikaskun-tzak esku-dantzan jarriko ditu berriz. Argazkirako bakarrik ez, agian.

Dokumentuaren akzioak