Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Simplemente

Dokumentuaren akzioak

Simplemente

Dantzan joango dira tabuak

Egilea
Gorka Bereziartu
Komunikabidea
Argia astekaria
Mota
Albistea
Data
2010/02/28

Eta nola estreinatu gainera: Donostiako Victoria Eugenia antzokia beteta otsailaren 16an, filma bukatu eta protagonistak agertokira azaldu zirenean: ikusleen txaloak, zaparrada desordenatua hasieran, dantzarako erritmo bihurtu ziren pixkanaka. Zer gehiago behar zuten Despertar los Sentidos-ekoek? Gehien gustatzen zaiena egiten bukatu zuten: dantzan.

Baina bukaeratik hasi gara kontatzen, eta garrantzitsuena lehenago etorri zen: 80 minutuz taldeko partaideen egunerokoan sartu ginen Simplementeri esker. Pelikulak beraiei ematen die ahotsa –baita kamera ere, pasarte batzuetan–, eta taldekideek ederki baliatzen dute gai ugariri buruz hitz egiteko. Gazteak izaki, bikote-harremanek toki handia hartzen dute elkarrizketetan; familiaz berba egiten dute, eta beraien kabuz ibiltzeko daukaten gogoaz; lan munduaz; homosexualitateaz; Jainkoaz; down sindromea bizitzeko duten moduaz. Eta barre egiten dute –asko–; eta negar; eta arazoak sortzen dira, eta konponbideak. Dokumentalak reality-show baten kutsua har dezake batzuetan, komedia batena beste batzuetan, baina etiketen gainetik, lan harrigarria da. Harrigarria, protagonisten etorriagatik eta kameraz ahaztuta etxean bezala jokatzeko duten gaitasunagatik.

John Andueza zuzendaria izan zen harritzen lehena. Bilintx film laburrari sari bat eman ziotenean ezagutu zituen Despertar los Sentidoseko kideak, eta haiekin trago bat hartzera joanda, berehala adierazi zioten gustura agertuko liratekeela film batean. Esan eta egin: filmatzen hasi zirenean nola ordainduko zuten argi ez bazeukaten ere, Puxtarri eta Lotura Films ekoiztetxeen laguntzarekin aurrera atera zen proiektua.

Hasierako gidoirik gabe egindako dokumentala da, ia 40 orduko filmaketetan protagonistek eraiki duten istorioa. Eta emaitzak aurreiritzi asko puskatzen lagun dezake, filmaren begirada urrun baitago ohiko beraztasunetik eta politikoki zuzen izatetik. Askorentzat tabu izan daitezkeen gaiak natural-natural aurkezten zaizkigu –taldeko mutil batek aldizkari porno gay-ak bilatzeko daukan grina, berbarako–; gainera, dantza ikuskizuna prestatzeko lanetan, taldekideen gaitasun sortzaileak azpimarratzen dira, izan ditzaketen mugen gainetik jauzi eginez.

Filmaren ibilbidea ez da Victoria Eugeniakoan bukatuko: martxoaren 3an Gasteizko Dendaraban izango dira; 18an Santanderren (Espainia); eta 28an Bilboko Arriaga antzokian. Emanaldi guztien aurretik koreografia eskainiko du Despertar los Sentidosek. Eta, gauzak Donostian bezala badoaz, ez litzateke harritzekoa filmaren ondoren ere protagonistak dantzan ikustea.

argazkia

Simplemente

Dokumentuaren akzioak