Silberio Beristain dantza maisua omenduko dute zapatuan

Dantzari ohiek ekitaldi hunkigarria prestatu dute.

Hedabidea
11barri
Lekua
Ondarroa
Mota
Albistea
Data
2008/04/16

Dantza esatea Silberio Beristain (Ondarroa, 1915-1959) esatea zen. Gerra amaituta, abade baten bitartez ailegatu ziren Santa Kruz eta Beristain ate egokia jotzera. Dantza taldea sortu nahi zuten. Eta Udal frankista indarrean, «ezpata-dantzarien usaineko» ezertxo ere ez zuten nahi. «Dena zen berria, diktadura, baina berria». Hartara, Don Pedro Arakama bikarioagaz berba egin zuten. Hark baietza eman zien taldea sortzeari. Baldintza bat bete behar zuten: Antiguako Ama izena ipintzea. Eta halantxerik hasi ziren entsegatzen, batean baten, bestean bestean. 1947a zen. Hamar urte geroagora arte jarraitu zuen Beristainek dantzak erakusten. 1959an hil zen. Bere ikasle izandakoek guzti hori gogoan, omenaldia eskainiko diote zapatuan. Meza ospatuko da Antiguan 12:00etan, eta 13:00etan omenaldi ekitaldia frontoian. Eguna mahaiaren inguruan amaituko dute, bazkarian, ordungo bizipenen inguruan.