Dokumentuaren akzioak
Siberia eta Kenyako taldeekin hasiko da gaur Getxoko Folklore jaialdia
Kenyatik Afrika Ekialdeko ezaugarririk esanguratsuenak eta berezienak ekarriko ditu gaur Algap dantza taldeak. Jantzi koloretsuekin, perkusio doinu eta mugimendu kaotikoekin emango diote hasiera 19. ekitaldiari. Siberiako dantzariek, berriz, tradizio zaharrenetakoa erakutsiko dute.
Korea eta Indiako folklorearen tartea izango da biharkoa. Koreako Yeong Pung taldeak budismoaren erritualak ekarriko ditu, eta Koreako hogei eskualdetako dantzen zatiak erakutsi. Indiatik Mrudang Kala Academy taldea gerturatuko da. Indiarrek beren bizimodua erakustea dute helburu, eta horretarako, mugimendu geldoenak bizienekin uztartuko dituzte.
Sakhako Sandal taldeak dantza etniko eta erritualak egingo ditu, danbor txiki bitxiekin lagundurik. Horren ondoren, kontrastea etorriko da, ezagunagoa den euskal folklorea taularatuko baitute Itxartu dantza taldekoek.
Algortako Biotz Alai plaza izango da kultura arteko nahasketa horren lekuko.
Folklorea herri askotan
Getxon bezala, Portugaleten, Arrigorriagan, Sopelan, Zarautzen, Zumaian, Etxalarren, Irunen, Olaztin eta Tolosan ere gozatu ahal izango da datozen egunetan nazioarteko folkloreaz.
Dokumentuaren akzioak