Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Senegalgo Kora taldea larunbatean Errenterian

Dokumentuaren akzioak

Senegalgo Kora taldea larunbatean Errenterian

Larunbatean emango du jaialdia Errenteria Dantzan jaialdiari amaiera emanez

Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2003/05/08

Jon Maia dantzariak esan zigunez, orain bi urte sortua da Senegalgo taldea, baina bere berrian izen handikoa. «Indar izugarriko dantzariak ditu eta erritmoa edonor txunditzeko modukoa dute. Kaukasoko Baletak arazoak zituela jakin genuen bezain pronto hasi ginen ordezko talde on baten bila, eta suertea izan dugu, egunotan Madrilen emanaldia baitzuten. Kasualitate horri esker ekarri ahal izan ditugu Euskal Herrira», esan zuen dantzariak.



Errenteria Dantzan jaialdiari bukaera emango dion emanaldia larunbatean izango Errenteriako kiroldegian arratsaldeko zortzietan hasita. Jon Maiak uste duenez, Errenteriako dantzazaleen memorian gordeta geratuko den emanaldia izan daiteke larunbatekoa. «1992an Siberiako talde bat izan genuen, jendearen gogoan itsatsita geratu dena. Punta-puntako emanaldia eskaini ziguten. Ondoren, Polonia, Turkia, Eslovenia eta beste hainbat herrialdetatik etorri dira, baina ez dute haiek utzi zuten oroitzapenik utzi. Seguru nago larunbatean ikusiko dugun talde honek ere aho gustu gozoa utziko digula luzaro», esan zuen Maiak.



Emanaldiak ordu eta erdi inguru iraungo du, eta sarreran borondatea eskatuko da. Errenteria Dantzan jaialdia joan den igandean zabaldu zen Dantzari Txiki Egunarekin.



Joan Maiak esan zigunez, 500 dantzari txiki bertaratu ziren herrira, eta sekulako jendetza bildu zen haien ekitaldiak ikustera. «Eguraldiak ere ederki lagundu zuen eta egun biribila atera zitzaigun», esan zuen Maiak.



Hala ere, aurtengo jaialdiko ezustekoa Caraba taldeak eman omen du. La Caridad herritik, Galizia eta Asturiasen arteko mugatik etorri zen folk taldeak sekulako maila erakutsi omen zuen, eta zeresanik sortuko omen du aurrerantzean folk talde horrek.

Dokumentuaren akzioak