Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sendo egindako urratsak, erakusketa batean jasota

Dokumentuaren akzioak

Sendo egindako urratsak, erakusketa batean jasota

Egilea
Eneko Azurmendi Barrena
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Arrasate
Mota
Albistea
Data
2025/03/06
Lotura
Goiena
Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeko hainbat kide, erakusketa prestatzen, eguaztenean, Kulturateko klaustroan.

55 urte dantzan erakusketa inauguratuko du bihar, egubakoitza, Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak, Kulturateko klaustroan. 18:30ean hasiko dute ekitaldia eta, besteak beste, taldearen sortzaile Marga Mercader eta Eugenio Garcia omenduko dituzte.

Urratsak sendo, oinak arin lelopean urteurren berezia ospatzen ari da Txikitxu-Arrostaitz dantza taldea, eta, horren baitan, 55 urte dantzan erakusketa jarriko dute Kulturateko klaustroan, gaurtik martxoaren 27ra arte. "Gure dantza taldeak urte luzez egindako lan guztia egongo da ikusgai erakusketan, sorreratik gaur egunera arte. Kasu honetan, Txikitxuk 55 urte betetzen ditu eta Arrostaitzek 35 urte", azaldu du Ane Sanchezek, taldeko kideak.

Erakusketako espazioetako batek taldearen historia kontatzen du eta gainontzeko espazioetako bakoitzak, aldiz, taldearen ekintza bat, argazkiz josita. Horrez gain, tresnak ere egongo dira. "Dantzarako erabiltzen ditugun tresnak ikusi ahal izango dira: arkuak eta ezpatak; baita instrumentuak ere: txistuak, danborrak eta atabalak, esaterako. Izan ere, gure kasuan, txistulariak taldearen parte dira. Halaber, taldearen kartela, zintak, ikurrina eta bestelako materialak ere egongo dira", dio Sanchezek.

Hainbat jantzi ere erakutsiko dituzte: "Hainbat dantzatan erabiltzen ditugun jantziak egongo dira, zaharrak eta berriagoak; baita prakadunak eta gonadunak ere". Argazkiei dagokienez, honako hau azaldu du Sanchezek: "Historia kontatzen dugun espazioan antzinako argazkiak ikus daitezke, sorrerakoak. Bestalde, badaude urtero errepikatzen ditugun ekintzak, eta horiek ere sailkatu ditugu: Haurren Eguna, Dantzari Eguna, sanjuanak, santamasak eta abar".

Bihar, egubakoitza, egingo dute inaugurazio ekitaldia, 18:30ean, eta, besteak beste, taldearen sortzaile Marga Mercader eta Eugenio Garcia omenduko dituzte.

1970ean sortu zuten taldea

Hain zuzen, senar-emazteak izan ziren Txikitxu taldearen sortzaileak, 1970ean: "Euskal kulturarekiko maitasunetik, herriko haurrei dantzaren tradizioa erakusteko talde bat sortu zuten. Nahiz eta dantzari-familia batetik ez etorri, Margak betidanik sentitu zuen euskal dantzekiko zaletasuna, eta Eugenioren txistulari dohainak proiektuari bultzada paregabea eman zion".

Taldeari Txikitxu izena jarri zioten, kide guztiak hiruzpalau urtekoak baitziren: "Lehen partaideak gertuko familien seme-alabak izan ziren. Hogei bat haurrek osatu zuten lehen taldea, eta entseguak Bestetxeko lantegi zahar batean egiten zituzten. Hasierako urteetan, Eugeniok txistua jotzen zuen eta Margak, dantzak erakutsi. Aurrerago, Iñaki Lizarralde eta Kepa Uranga batu zitzaizkien".

Gerora iritsi zen Arrostaitz

1990. urtea mugarri garrantzitsua izan zen taldearen historian; izan ere, aurretik taldekide izandako gazteek berriro elkartzea erabaki eta helduentzako taldea sortu zuten: Arrostaitz. "Izenak esangura berezia du: Arrosa Margarita Rosa Mercaderren omenez da eta aitz, berriz, Udalaitz mendia gogorarazteko". Ordutik aurrera, bi taldeak izen bakarrean batu zituzten: Txikitxu-Arrostaitz.

190 dantzari baino gehiago

Gaur egun, 190 dantzari baino gehiago dira taldean. "Txikitxu-Arrostaitzen historia ez da urteetan egindako lanaren kontakizuna soilik; pasioaren, ilusioaren eta elkarlanaren istorioa da. 1970ean hasitako proiektu xume hura familia txiki baten ametsa izatetik herri oso baten ondare izatera pasa da, urratsak sendo eta oinak arin mantenduz".

Urriaren 18an, ekitaldi nagusia

2024an hasi zituzten urteurrena ospatzeko ekintzak: "Baserritar jantzien gaineko ikastaroa egin genuen, baita dantza ikastaroa ere. Erakusketaren ostean, Udalarekin elkarlanean, kanpoko dantza talderen bat Arrasatera ekartzea da asmoa, gure kolaborazioarekin, eta beste hainbat ekintza ere ari gara prestatzen". Ekitaldi nagusia urriaren 18an egingo dute, Uarkapen. "Dantza ekitaldi handi bat izango da, eta taldean ibilitako hainbat dantzarik eta gaur egun aktibo daudenek parte hartuko dute", nabarmendu du Sanchezek.

Dokumentuaren akzioak