Dokumentuaren akzioak
Seguran bergararrak txapeldun
Maite Lazkanok eta Asier Enak irabazi zuten, igandean, Euskal Herriko Dantza Solteko Txapelketa
Sariketan parte hartu zuten dantzari guztien artean, bakarrak zuen
aurretik txapelketa irabazia, Maite Lazkanok, hain zuzen ere. Bergarako
dantzariak 2001ean eskuratu zuen lehenengo saria, orduko hartan Asier
Enarekin bikotea osatuta. Asierren anaia da Aitzol, igandean
Lazkanorekin bikotea osatu zuen dantzaria. Lazkanok utzi egin zion
orain dela hiru urte txapelketan parte hartzeari, eta aurten itzuli da.
Eneko Gil eta Nerea Vesga iazko txapeldunek, berriz, ez dute parte hartu aurtengo txapelketan.
Igandeko txapelketan hamabi bikote dantzatu ziren. Arabatik,
Mikel Arze eta Iratxe Ibisate (Gasteiz); Azaitz Unanue eta Aizkoa
Medinabeitia (Gasteiz); eta Ana eta Marta Ruiz de Austri (Olabarri)
aritu ziren. Bizkaiak bi bikote izan zituen ordezkari, biak Sestaokoak:
Karlos De las Heras eta Oroitz Bilbao alde batetik, eta Arkaitz Pascuas
eta Nagore De las Cuevas bestetik.
Gainerako bikoteak gipuzkoarrak izan ziren: Mikel Otegi eta
Estela Atorrasagasti (Donostia-Orio), Jon Intsausti eta Iera Maiza
(Ordizia-Olaberria), Aritz Arrillaga eta Amaia Bolinaga (Bergara) eta
Xabier Etxaniz eta Leire Larrañaga (Azkoitia).
Aurreneko aldiz txapelketaren historian, bi emakumek
osatutako bikote batek hartu zuen parte. Ana eta Marta Ruiz de Austrik
txalo beroak jaso zituzten oholtzara atera zirenean.
Eskultura, urtebeterako
Nestor Basterretxearen eskultura urtebetez egongo da Bergaran.
Izan ere, garaikurra beretzat eskuratzeko, hiru urtetan segidan edo
bost alditan irabazi behar du txapelketa bikoteak.
Orain arte, sei bikotek baino ez dute Basterretxearen
eskultura beraientzat eraman: Joxe Joan Ugaldek eta Lourdes Esnaolak;
Antton Mendizabalek eta Amaia Illarretak; Edu Muruamendiarazek eta
Amaia Agirrek; Kimetz Larrañagak eta Eneritz Epeldek; Jon Ander eta
Edurne Azpitartek; eta Amaia eta Aitor Parrondok.
Dokumentuaren akzioak