Dokumentuaren akzioak
'Segura dantzari' dantza saioan ikuskizun paregabeak ikusteko aukera egon da asteburuan
Segurako folklorearen hainbat
pasarte oholtza gainera eraman zituzten herriko haur eta gazteek, eta
emanaldia oso gertukoa suertatu zen ikusleentzat. Beasaingo Aurtzaka
taldeak Goierriko dantzak eszenaratu zituzten, eta Errenteriako
Ereintza taldeak eta Kukai Dantza Konpainiak Euskal Herri osokoak.
Musikak
ere atal garrantzitsua bete zuen ikuskizunean eta parte hartu zuten,
besteak beste, herriko txistulariek, Musikeneko perkusio taldeak, Aitor
Furundarena soinu joleak, Maialen Errotabere kantariak, Arkaitz Miner
biolin joleak, Mikel Oliveri txistulariak edo Iñaki Apalategi
bertsolariak.
Dantza soltea
Dantza solteko txapelketari
dagokionez, Jon Ander eta Edurne Azpitartek irabazi zuten igandean
jokatu zen lehiaketaren 30. edizioa. Azkoitiko anai arrebek iaz
lortutako beraien lehen garaipena errepikatu zuten, bigarren
Errenteriako Eneko Gil eta Nerea Vesga sailkatu zirelarik, eta Bergara
eta Donostiako Aitzol Ena eta Miren Illarretarentzat izan zen
hirugarren postua.
Beti bezala, bikote parte hartzaileek
fandangoa txistuz eta arin-arina trikitixaz dantzatu zituzten, eta
Azkoitiko anai-arrebek 371, 25 punturekin lortu zuten garaipena. Eneko
Gil eta Nerea Vesgari 359, 75 puntu eman zizkieten epaileek eta 359, 25
hirugarren egin zuten Aitzol Ena eta Miren Illarretari.
Jantzien
dotorezia nabarmentzeko sariketa ere ohizkoa da txapelketa honetan eta
lehen saria Hernaniko Xabier Segura eta Lierni Martiarenak irabazi
zuten eta bigarren saria Eneko Gil eta Nerea Vesgarentzat izan zen.
Bikote gazteenarentzat gordetzen den Gilermo Areizaga saria Bergarako
Jon Arrillaga eta Izarne Mendiak eskuratu zuten.
Atsedenaldian
eta epaimahaiak sailkapena egiten zuen bitartean, Iñaki Telleria eta
Joxe Joan Ugalderen Ziklus Dantz ikuskizuna eraman zen oholtza gainera.
Dokumentuaren akzioak