Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Segundo Olaeta eta Pavlovo

Dokumentuaren akzioak

Segundo Olaeta eta Pavlovo

Egilea
Amatiño
Komunikabidea
eibar.org
Mota
Albistea
Data
2009/01/17

Segundo Olaetak 1926 urtean sortu zuen Elai Alai dantza taldea Gernikan eta, gerra-denbora tarteko, Europan zehar egin zituen  hainbat jira. Gerra ostean etxeratu eta Europan zein Ameriketan arituko zen Ballets Olaeta sortu zuen Bilbon eta, 1950eko hamarkadan, dantza-akademia ireki zuen Erzilla kaleko hamaikagarrenean.

Hantxe ezagutu nuen Segundo maisua 1960an.  Nik 15 urte besterik ez nituen eta berak, berriz, 64. Nik orain dudan adin berbera, nahiz eta orduan askoz ere zaharrago iruditu. Garai hartan Bilbon nintzen ikasketak egiten eta, bi ikasurtetan,  astean pare bat aldiz joan izan nintzen bertara.

Gazte-andana dezentea bildu ohi ginen. Auskalo euskal giroa ala euskal dantza ote zen gustukoen genuena baina, dantzaketan jarduteaz gainera, inoiz ere artez arte aipatu izaten ez ziren gaiak gogoan izan ohi genituen. Bilboko urte bi haietan, hantxe baino ez nuen euskaraz hitzegiteko betarik izan.

Olaetatarrak –Bittor eta Lide seme-alabak, batez ere— irakasle berezi samarrak ziren. Saio haiek zer ikusi gutxi izaten zuten Eibarren Gregorio Santa Cruzek egin eragin ohi zizkigun moldeekin. Izan ere, Bilbokoa ez zen dantza-taldea, dantza-eskola baino, eta balleteko dantzari ofizialak ez ginenok inoiz gutxitan egin izaten genuen jendaurrean dantzan. Erzilla kalean ariketa zen nagusi, pausuak behin eta berriz errepikatu beharra, estiloa zaindu eta landu beharra,  beti ere “bailarinak” jantzita eta ispilu aurrean. Barra erruz eta etenbako soin-ariketa, izerditan blai amaitu arte, gimnasiarik zorrotzena bailitzan. Eibarko Deportivoan, ostera, lan-taldea, ahalik eta azkarren errepertoria ikasi eta plazara.

Ez dakit ezer ganorazkorik ikasi ote genuen Olaetanean baina pasatu oso ondo pasatu izan genuen. Nere lagun-giroan adarra jotzen zidaten dantza-akademiara joateagatik, baita gaitzizena jarri ere: Paulovo, Anna Pavlova dantzari errusiar ospetsuaren gogoraziotan. Oraindik ere Paulovo izaten jarraitzen dut garai hartako lagun bilbotarren artean.

Geroztik 47 urte joan dira. Berrogeita zazpi urteko egoerak, irizpideak, ikuspegiak, joan-etorriak, jokamoldeak eta oroitzapenak. Auskalo jaio ote diren berriak, baina beti geratuko zaizkigu olaetatarrak.

  Victor Olaeta (1922-2007). Atzean, aita Segundoren argazkia

 Lide eta Victor, ezker-eskuma

Photograph:Anna Pavlova dances The Dragonfly. Anna Pavlova

Dokumentuaren akzioak