Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Sebastian' erraldoia herritarren aurrean aurkeztuko da ekainaren 18an

Dokumentuaren akzioak

'Sebastian' erraldoia herritarren aurrean aurkeztuko da ekainaren 18an

Egilea
Jon Irizar Aranguren
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2022/05/26
Lotura
Goiena

Xabier Mendizabal Vitoriano artista oñatiarrak txikitako ametsa gorpuztu du: erraldoi bat eraikitzea. Sebastian jarri dio izena, eta ekainaren 18an, Corpus jaietako zapatuan, aurkeztuko du jendaurrean. Mendizabalen erraldoiarekin batera, Oñatiko erraldoiak eta Tuterako Eguzki Konpartsa arituko dira Ezpelur Dultzaineroen doinuak dantzatzen.

Kriskitinak eta txistu, danbolin zein atabal hotsak izan ohi dira Corpus jaietako zapatuko protagonista. Baita, azken urteetan, Corpus bezperan egin izan ohi den herri lasterketa ere. Aurtengoan, baina, Oñatz dantza taldeko kideek jarduna amaitzean beste ekintza batek osatuko du egitaraua: Xabier Mendizabal Vitoriano artistak egindako Sebastian erraldoiaren aurkezpenak.

Londresen bizi den oñatiarrak txikitako ametsa bete du bere erraldoia eraikita. Egitura zein jantziak egiterakoan laguntza izan duen arren, Mendizabalek garatu du ideia, eta berak egin ditu aurpegi, esku eta osagarriak. Artistak berak YouTubera igotako bideoan ikusi liteke prozesua, baita 2021eko urtarrilean Hemen Debagoiena saiorako egindako erreportajean ere.

Kalejiran, erraldoi gehiago

Sebastian ez da izango, baina, herriko kaleak alaituko dituen erraldoi bakarra. Oñatz dantza taldeak, Udalarekin elkarlanean, aurkezpen jaia osatu nahi izan du. Herriko erraldoiez gain, Tuterako Eguzki Konpartsa izango da ikusgai, eta Ezpelur Dultzaineroak arduratuko dira musika jartzearekin. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da kalejira Santa Anatik.

Dokumentuaren akzioak