Dokumentuaren akzioak
Sarrionandiaren poesia dantzan
Koadro bat aurkeztu nahi du Josu Mujikak. Eta koadro
horrekin ikusleen barrena mugiarazi, zer sentitua eman. Lekeitioko
(Bizkaia) Isuntza hondartzako irudi bat erakutsiko du koadro hartan,
itsasoa atzealdean dela. Joseba Sarrionandiaren poesia izango da giroan,
eta Donostiako Dantzaz konpainiako dantzariak eszenan. Sarritsasoa
estreinatuko dute uztailaren 8an, 21:00etan. Beste behin baino ez dute
emango, hurrengo egunean. Hortaz, Lekeitioko Kale Antzerki Jaialdiko
emanaldi bietako bat izango dute aukera bakar lana ikusi nahi dutenek.
Lekeitioko festibalarekin elkarlanean ekoitzi du Dantzaz konpainiak Sarritsasoa, eta Lekeitioko Karkabia taldeko dantzariekin eta zenbait umerekin batera aurkeztuko du, Mujika bera zuzendari dela.
Sarrionandiaren
poemak oinarrian dituzten kantuekin ondu dute ikuskizuna. Ruper
Ordorikak, Mikel Laboak, Audiencek, Ken Zazpik, Jabier Muguruzak eta
Deabruak Teilatuetan taldeak eginiko abestiekin. Aurrez grabaturiko
musika eta soinuak baino ez dituzte erabiliko.
Itsasoz helduko
dira dantzariak hondartzara, «naufragoak balira bezala». Beren
itsasontzia bitan hautsi, eta hondoratzen hasi da. Itsasertzean
eszenaratuko dute tragedia, Sarrionandiaren letrekin Ken Zazpik eginiko Gernikan
ozen entzuten den unean. «Gernikako bonbardaketari erreferentzia zuzena
egingo diogu», azaldu du Mujikak. «Itsasontzia hondoratzean beren
Gernika bizi izan baitute». Eta jazoera horretatik aurrerakoak kontatuko
dituzte, dantza garaikidearen bitartez betiere. Sarrionandiaren beraren
biografiarik antzeztuko ez dutela ohartarazi du Mujikak. Ezta antzeko
istoriorik kontatuko ere. «Sarrionandia mundu bat da, eta bere poesian
mundu horren zati bat dago».
Baina bestelako lotura agerikorik ez da izango Sarritsasoa-n,
ez badira ikusleek beren kabuz egindako interpretazioak. Izan ere,
Mujikak nabarmendu du obra «irekia» dela; eta, horrenbestez, ikusleen
baitan «oso bide desberdinak» egin ditzakeena.
Dantzaz
konpainiako dantzariak Euskal Herriaz kanpokoak dira. Frantzia, Belgika,
Katalunia, Italia, Txekia eta Portugalgoak dira. «Ez dute Sarrionandia
ezagutzen. Azaldu diegu bere lanek zer dioten, eta zer-nolako ikuskizuna
egin nahi dugun». Eta inprobisaziotik sortutako dantza egiturekin osatu
dute obra.
Harearen baldintza fisikoa
Hareak
dantzarien lana baldintzatuko du. Baina, era berean, aukerak ere sortuko
ditu. Mujikak dioenez, erresistentzia handia egiten du. «Dantzariak
ahuldu egiten ditu zentzu horretan, oso zaila da oreka mantendu eta
guztiz geldi geratzea. Baina aukera ere bada, jauziak eta lurraren
kontrako kolpeak bestela hartzea onartzen duelako». Dantzarien lana «oso
fisikoa» izango dela dio Mujikak.
Denera, 30 bat lagunek parte hartuko dute Sarritsasoa-n.
Dantzaz konpainiako hamarrek, Karkabia Lekeitioko dantza taldeko beste
hainbestek, eta horrenbeste umek. Herri antzerki kutsua izango du,
beraz. Lekeitioko festibalak berezko duen zigilua.
Imanol Agirre jaialdiko zuzendariak badu zerikusirik Sarritsasoa
lanaren estreinaldiarekin. «Bide berritzaileetatik jo behar genuela
erabaki genuen aspaldi, kale antzerki jaialdiak beste herri batzuetan
loratzen hasi zirenean», azaldu du Agirrek.
Lekeitioko jaialdiak ekoizten duen bederatzigarren lana da Sarritsasoa.
Hondartza eta itsasoa lanaren parte izatea nahi zuten. Eta antzerkia
bainoago, dantza izatea gurago zuten. «Dantzak tradizio luzea du
Lekeition», nabarmendu du Agirrek. 1998an Aukeran izan zen jaialdian.
«Egun Arriagarekin eta guzti lan egiten du, baina askok Lekeition
ezagutu zuten», ohartarazi du.
Uztailaren 8tik 10era egingo dute Lekeitioko 22. Kale Antzerki Jaialdia. Besteak beste, festibalean ohitura bihurtu den correfoc-a izango da uztailaren 8an, Castelloko (Herrialde Katalanak) Scura Splats taldearen eskutik. Deabru Beltzak Bilboko taldeak The Wolves obra
ikusgarria emango du uztailaren 9an. Frantziako talde sonatuak
ekartzeko ohitura dute Lekeition, eta aurten Marseillako Generik Vapeur
izango da uztailaren 9an, Bivouac kalejirarekin. Horretaz gain, Eidabek Kanpanolue 11 salto gehiago eskainiko du uztailaren 9an. Talde eta emanaldi gehiago ere izango dira festibalean.
Itsasotik hondartzara iritsitako naufragoen rola jokatuko dute Dantzaz konpainiako dantzariek Sarritsasoa obran. / LEKEITIOKO KALE ANTZERKI JAIALDI
Dokumentuaren akzioak