Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Sareak egiteko leku bat da hau; garrantzitsua da itzultzea»

Dokumentuaren akzioak

«Sareak egiteko leku bat da hau; garrantzitsua da itzultzea»

Hemeretzi hilabeteren ondoren, gaur irekiko dute Bilboko Kafe Antzokia. Arduradunak nabarmendu du espazioak euskara eta euskal kultura bultzatzeko eta komunitatea sendotzeko duen garrantzia.
Egilea
Ane Eslava
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2021/10/07
Lotura
Berria
BERRIA

Bilboko Kafe Antzokiak iazko martxoaren 12an itxi zituen ateak, eta, osasun krisiaren eraginez, orain arte ezin izan ditu berriz ireki. Baina Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia indargabetu eta ordutegiei zein edukierei lotutako neurriak kendu ondoren, heldu da gunea berriz zabaltzeko eguna: gaur irekiera ekitaldia egingo dute, Dantza dezagun berriro lelopean. Mikel Urbeltz arduraduna pozik azaldu da euskaldunen komunitatea berriro elkartuko delako Kafe Antzokiko «plaza irekian».

Pandemiaren hasieratik egon da itxita Kafe Antzokia, baina, azkenean, heldu da berriz irekitzeko ordua. Zer sentsaziorekin eman duzue albistea?

Poztasun handiz, noski. Esperoan geunden, eta luzea egin zaigu: urte eta erdiz izan da Kafe Antzokia itxita, eta ez da garai gozoa izan. Azkenean, zabaltzeko esperantzak gauzatu dira, eta, gainera, edukieraren %100ean; musukoarekin, baina iritsiko da momentua hori ere joango dena. Beraz, pozik, berreskuratuko ditugulako berriz ere gure ekitaldiak eta gure jendea; etxekoak, baina baita lagunak, bezeroak eta ikus-entzule guztiak ere. Guztiak itzuliko dira berriz plaza ireki honetara.

Irekiera festa egingo duzue, Dantza dezagun berriro lelopean. Nolakoa izango da?

Gau girokoa izango da, DJ-ekin, jendearekin... Gau bat, baina berezia; hain zuzen ere, lehenengo gaua delako. Gaueko aisiarekin hasiko gara, eta ostegun [gaur], ostiral eta larunbatean irekiko dugu. Datorren asteazkenean zabalduko ditugu eguneko zerbitzuak; barne antolaketagatik erabaki dugu horrela egitea. Orduan hasiko gara gosariak, bazkariak-eta ematen. Kontzertuak eta halakoak, berriz, 21etik aurrera egiten hasiko gara. Lehenengoa Rudigerrena izango da, 21ean; 23an Audiencek eta Arimak joko dute; 30ean Luke Winslow-Kingek eta Roberto Lutik… Egitarau osoa webgunean dago. Dena den, gerta daiteke 21a baino lehenago egotea kontzerturen bat antolatzeko aukera; edukiera %100ekoa izango dela konfirmatu denez, horrek ekar dezakeelako birak berraktibatzea, kontzertu gehiago izatea...

Egitaraua prest edukitzeak esan nahi du aurreikusten zenutela orain zabaltzeko aukera izatea?

Bai, aukera gertu ikusten genuen. Edozein kasutan, gu geldirik ez gara egon, jarraitu dugu lanean, adi, egin beharreko lanak egiten. Eta programazioa hor egon da; aldiro berritzen genuen, kontzertuak bertan behera gelditzen zirelako, baina programazio posible bat beti egon da, edozein momentutan zabalduz gero, azkar kontzertu bat izateko.

Etsigarria izango da atzera eta aurrera ibiltzea...

Bai, etsigarria eta nekagarria. Eta taldekideentzat, teknikarientzat... jende askorentzat. Jendea honen esperoan zebilen, lan egiteko aukera izateko, eta artistak, arlo artistikoan egindakoak erakusteko ere bai; diskoak edo antzezlanak, adibidez.

 

Publizitatea
End of ad break in 94 s
You can close Ad in 4 s

 

Hemeretzi hilabete igaro dituzue ateak ireki gabe. Zein izan da galera?

300 ekitaldi inguru galdu dira. Kafe Antzokiak urtean egiten ditu 150 musika kontzertu, eta beste 150 horiek denetarik dira: prentsaurrekoak, liburu eta disko aurkezpenak, umeentzako ekitaldiak, hitzaldiak, bertso saioak, antzerkia, dantza... Horiek guztiak urte eta erdian galdu egin dira, eta horrek hutsune bat sortu du. Horrez gain, ekonomikoki ere galera handia izan da, Kafe Antzokiaren moduko lokal batek gastu finkoak dituelako. Nahiz eta langile guztiak ABEEan izan, gastu batzuk saihestu ezinak dira, eta galera izan da.

Kopuruetatik harago, hutsuneak zer galera ekarri du?

Euskal kulturarentzako eta euskararentzako plaza bat da hau, komunitatea trinkotzeko ere balio duena. Kontzertuak izaten dira oso entzutetsuak, eta hala izan daitezela, baina gauza garrantzitsu asko daude hemen: jendea biltzeko eta sareak egiteko leku bat da Bilboko euskaldunentzat. Horrek garrantzi handia dauka; hilabete hauetan eten bat izan du horrek, eta garrantzitsua da itzultzea, hori berreskuratzea.

Gainera, Kafe Antzokiak 25 urteko ibilbidean irabazia du erreferentzia, eta hainbat artistarentzako galera bat izan da. Artisten eta publikoaren arteko konexioa guztiz garrantzitsua da, eta ez badaude halako tokiak, ez da gertatzen. Badira beste kanal batzuk, noski, baina zuzenekoek indar handia dute, konexio hori bakarrik zuzenekoetan gertatzen delako.

Osasun krisiak proiektuan eragin duen ahultasuna ikusita, zer eskatzen diezue instituzioei?

Orain arte beti eskatu izan duguna. Pentsatzen dugu gure indarrarekin aurrera egingo dugula beti; baina Kafe Antzokia herri ekimenetik sortu zen, eta, pribatua izan arren, guk egiten dugun lan honek izaera publikoa du, herriaren, komunitatearen, euskararen eta euskal kulturaren alde egiten dugulako. Eta gure helburuak lortzeko, gure indarraz gain, diru laguntza gehiago jasoko bagenitu, zentimetroka aurreratu beharrean metroka aurreratuko genuke. Beraz, eskatzen dugu egiten dugun lanari aitortza egitea, instituzioek kontuan hartzea, eta laguntza gehiago ematea, posible den heinean. Horrela helburuak gertuago egongo lirateke.

Kafe Antzokiak 25 urte bete zituen iaz. Ezin izan zenuten nahiko zenuketen moduan ospatu, baina 25+1 urteurrena ospatuko zenutela iragarri zenuten. Horrekin aurrera jarraituko duzue?

Bai, aurrera egingo dugu, eta ospatuko dugu. Abenduaren 15ean izango da, Kafe Antzokia ireki zeneko egunean. Urtero ospatzen dugu urteurrena egun horretan, baina, iazkoa 25.a izanda, berezia izango zen, eta ezin izan genuen egin. Horregatik, aurten gauza bereziak egongo dira, eta laster iragarriko ditugu.

Dokumentuaren akzioak