Dokumentuaren akzioak
Sara Barasen 'Sueños' lana, Bilbon igande arte
Bilbo. Igande arte, 20:00etan, Arriagan.
Arriaga antzokian egiten ari dira emanaldiak, 20:00etan; eta igandean 19:00etan izango da azken saioa.
Obra hori, ordea, ez da dantzari andaluziarraren azkena, 1999an estreinatu baitzuten arrakasta handiz, Jerezen (Andaluzia, Espainia). Konpainiaren bigarren lana izan zen hori, Sensaciones izenekoaren atzetik. Emakumearen dantza da lehenengo lan horren ildo nagusia.
Sueños
-en asmoa, berriz, ez da istorio jakin bat kontatzea, baizik eta dantzari bakoitzak barrenean daramana interpretatu eta erakutsi ahal izatea. Sei urte eta hainbat ikuskizun igaro ondoren, ezagun egin zuen lanera itzuli da Sara Baras. Bere zuzendaritzapean, hainbat dantzarik hartzen dute parte Sueños-en, nahiz eta bera den protagonista nagusia. Bigarren lan hau lehena baino hobeto dagoela dio Barasek.Konpainiako ohiko jendeaz gain, Jose Serrano Espainiako Ballet Nazionaleko kidearen laguntza izan du Barasek oraingoan. Baita Jose Maria Bandera eta Mario Montoya gitarra jotzaileena eta Miguel de la Tolea eta Saul Quiros abeslariena ere.
Sueños
buleria batekin hasten da, eta ondoren konpainia osoak dantzatzen dituen hainbat koreografia datoz. Gero, Sara Barasek Raul Fernandez eta Raul Prietorekin egingo du dantza, Jose Serranoren seguriya-ren aurretik. Azkenik, protagonistak bakarkako dantza bat egingo du, etabeste taldekideekin amaituko du.
Ospe handiko dantzaria
Aurreko ikuskizunekin arrakasta handia lortu du Cadizko dantzariak. Juana La Loca edo Mariana Pineda pertsonaia historikoetan oinarritutakoek, esaterako, oihartzun handia izan zuten kultura munduan, eta horrez gain, flamenkoa beste era batera erakutsi zuen. Bi lan horiei zor die gehinebat Barasek 2003ko Dantza Sari Nazionala, interpretazio kategorian.
Urte horretatik aurrera, dantza ez zen bere ogibide bakarra izan: publizitatea eta moda ere landu zituen, telebistarako iragarki zein desfileekin. Abeslariekin egin izan dituen kolaborazioak ere aipatzekoak dira, izan ere, hainbat kontzertutan parte hartu du bere koreografiekin. Besteak beste, Alejandro Sanz, Chavela Vargas, Celia Cruz, Lucrecia eta Ainhoa Arteta izan dira bere lankide ezagunenetako batzuk. Bere mailaren adierazgarri dira, nolanahi ere, tankera horretako oholtza gaineko elkarlanak.
Takoi soinua eta kantu eta gitarra flamenkoak izango dira nagusi Arriaga antzokian igandea bitartean, Sara Baras eta bere konpainiaren eskutik.
Dokumentuaren akzioak