Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sao Pauloko Hiriko Balleta Arriaga Antzokira itzuliko da

Dokumentuaren akzioak

Sao Pauloko Hiriko Balleta Arriaga Antzokira itzuliko da

Bigonzettiren 'Antiche Danze', Sotoren 'Adastra', eta Galiliren 'O Balcão de amor', dira konpainia brasildarrak ostiral eta larunbatean eskainiko duen ikuskizunak jasoko dituen hiru piezak

Komunikabidea
El Correo
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2016/02/11
Lotura
El Correo

Arriaga Antzokiak, aurreko bisitan, 2009ko martxoan, 'Canela fina' lana aurkeztuz ikusle guztien txalo beroak eragin zituen Balé da Cidade de Sâo Paulo izenekoa jasoko du berriro. Oraingo honetan, konpainia brasildarrak, nazioarteko lehen mailako hiru sortzaileren hiru koreografiak osatutako oso egitarau interesgarria eskainiko du: Mauro Bigonzetti italiarra, Cayetano Soto espainiarra eta Itzik Galili israeldarra. Ikusleek ostiral eta larunbatean izango dute ikuskizunaz gozatzeko aukera. Bi emanaldiak arratsaldeko 20:00etan hasiko dira.

Konpainia brasildarrak, bakoitzak bere aldetik oso ondo funtzionatzen duten, baina hiruak batera ere bikain moldatzen diren hiru koreografia eskainiko ditu. Interpretatuko diren ordena erreferentzia gisa hartuz, ikus-entzuleek lehenengo ikusiko dutena, Mauro Bigonzettiren koreografia duen eta 2014ko abuztuan São Pauloko Udal Antzokian estreinatu zen 'Antiche Danze' izango da. Erabat musikan inspiratuta dagoen lana da. Berpizkundeko musika XIX. mendeko kultura sinfoniko modernoarekin elkartu eta bertatik ideia koreografikoa sortuko da: eguneroko bizitzako keinuak, erdi moztutako mugimenduak, dinamika azkarrak dituzten pieza koreografikoak. Bikoteak, bakarlariak eta taldeak, oihal garaikideekin egindako soineko eta jantziekin, garai hartako estetikari jarraitu die. Koreografiak ere tradizioaren eta modernotasunaren arteko kontraste horretara eramango gaitu.

Cayetano Soto espainiarraren 'Adastra' da egitarauko bigarren pieza. Koreografoak berak «bizitzeko filosofia, gogoeta puntu eta, gutariko bakoitzak barruan daramagun barne izar horretara heltzeko gurutzada» gisa definitzen du. Horrez gain, zera gehitu du: «Bidea, beti amestu duzuna izatera heldu ahal izateko borroka pertsonala da. Badu meritua Adastra erdialdera heltzeak, zenbat eta zailtasun gehiago aurkitu, zure bizitza laburrak gehiago emango baitizu». Adastra joan den irailean estreinatu zen São Pauloko Alfa Antzokian.

Amaitzeko, Itzik Galilik, 2014ko apirilean São Pauloko Udal Antzokian estreinatu zen 'O Balcão de amor' aurkeztuko du. Pieza fantasiaren eta errealitatearen artean mugitzen da, eta ebokatzailea da. Egilearen hitzek erakusten duten bezala: «hari bat bezalako mugako lerroa, ametsa gurtuz. Egun baten amaieran, minez lortutako zoriontasunaren merkataritza. Arnas bakoitzaren muturrean. Zeruertzerantz doan daimonaren arima dantzan. Amildegiaren ertzetan».

Konpainia

Balé da Cidade de Sâo Paulo izenekoa mundu osoko metropoli handienetako bateko konpainia ofiziala da. Hiriarekin berarekin gertatzen den bezala, izaera kosmopolita indartsua du. 1968ko otsailaren 7an sortu zen, dantza klasiko konpainia gisa, eta 1974an, Antonio Carlos Cardosoren, Iracity Cardosoren eta Marilena Ansaldiren zuzendaritzapean, gaur egunera arte iraun duen dantza garaikide izaera bereganatu zuen.

Balé da Cidaderen nazioarteko arrakastaren ibilbidea, 1996an Frantziako Lyonen egiten den Dantzaren Biurtekorako gonbidapena jaso zuenean hasi zen. Ordutik, Europan egindako bidaia guztietan kritika espezializatuaren eta ikus-entzuleen txaloak jaso ditu. Gaur egun, konpainiak egungo koreografo ospetsuenen lanez osatutako errepertorio zabala du.

Sao Pauloko Ballet konpainia arituko da berriz ere Arriaga Antzokian.
Sao Pauloko Ballet konpainia arituko da berriz ere Arriaga Antzokian. / Arriaga

Dokumentuaren akzioak