Garai eta garaitarrak prest daude Santixau, Santa Ana eta San Inazio jaietan bete-betean murgiltzeko. Beste behin ere, herriko jaiak ospatzeko unea heldu da eta hurrengo egunetan hamaika ekimen eta ekitaldi anitz eta ugariz gozatzeko aukera izango da. Ospakizunak uztailaren 31ra arte luzatuko dira eta jai egunetan ez dira faltako, kalejirak, dantzaldiak, bertsolariak, herri bazkariak eta txapelketak.
Jaien hasiera ofiziala bihar izango da, baina joan den asteburuan hainbat ekintza antolatu ziren. Hala nola, larunbatean IV. Asto trail mendi-lasterketa eta VII. Mendi-martxa ospatu ziren eta igandean nagusien bazkaria eta bertso saioa ere antolatu zen. Datozen egunei begira, bihar arratsaldeko 19:00etan Donien Atxa jasoko da eta ezpata-dantzarien azken entsegua egingo da. Ondoren, lumagorri oilasko pintxoak dastatzeko aukera izango da eta 22:30ean erromeria Ezten Giro taldearen eskutik.
Uztailaren 25ean Santiago eguna ospatuko da. Jai eguna 10:30ean hasiko da txistulari, dantzari eta agintarien kalejirarekin. 11:00etan meza nagusia San Migel elizan eta ondoren, Santiagoren irudiaren ohiko prozesioa abiatuko da Elizabarriraino. Gero ezpata-dantzarien saioa burutuko da. Arratsaldean berriz, erregelen erakustaldia izango da eta trikitilariak.
Ostiralean, Santa Ana egunean, kalejira, meza nagusia eta ezpata dantzariak izango dira, baita tortilla txapelketa. Gauean, berriz, erromeria izango da Itzal taldearekin.
Txapelketak eta kirola
Asteburuan ere, jaiek ez dute etenik izango eta larunbatean, herri kirolak eta herri bazkaria izango dira eta gauean A toda Madre mariatxiak eta DJ Kuku eta DJ Kene arituko dira.
Igandean, hilak 28, xake txapelketa eta erakustaldia, briska txapelketa eta pilota partidak antolatu dira eta astelehenean, berriz, goizez eta arratsaldez umeentzako jolas parkea jarriko da. 11:30etatik 13:30etara eta 15:30etatik 18:30etarara bitartean.
Asteartean (uztailak 30), gazteen bazkaria eta ginkana izango dira eta arratsaldean, 19:00etatik aurrera Debrass Band txarangaren kontzertua izango da. 2018an sortu zen talde instrumentalak funky, soul eta techno soinuen nahasketa jorratzen du, haize instrumentuez baliatuz. Gaueko musika emanaldia The Clayton, Kaparrak eta Katu-ren eskutik izango da.
Jaiak uztailaren 31n, San Inazio egunean bukatuko dira. Eguneko programan meza nagusia eta dantza saioa nabarmentzen dira, baina baita igela-jokoaren tokiko txapelketa. 18:00etan Kiko, Koko eta Moko pailazoen txanda izango da eta 18:30ean asto proben erakustaldia hasiko da. Bertan Elordi, Landaluze, Erleaga eta Anarketa izango dira. Bukatzeko, 21:30ean herri-afaria ospatuko da, eta tradizioa jarraitu berakatz-zopa eskainiko da.
Herriko jaiekin batera, Garaiko Udalak eraso sexistarik gabeko jaiak aldarrikatu ditu.