Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Santio jaiak, ongi etorria egiten lehenak

Dokumentuaren akzioak

Santio jaiak, ongi etorria egiten lehenak

Villabonako festen suziria 50 urte betetzen dituzten Salbadora jubilatu elkarteak eta Oinkari dantza taldekoek jaurtiko dute.
Egilea
Endika Apalategi Labayen
Komunikabidea
Ataria
Tokia
Villabona
Mota
Albistea
Data
2025/07/18
Lotura
Ataria
Santio jaiak, ongi etorria egiten lehenak
Oinkari dantza taldeak botako du aurtengo txupinazoa, Salbadora elkartearekin batera.

 

Eskualdeko jaiak ate joka dira dagoeneko, eta aurten ere Amasa-Villabonako Santio jaiak izango dira estreinakoak. Uztailaren 24ko arratsaldean, txupinazoa botatzearekin batera, hasiko da astebeteko festa billabonatarrentzat. Eginkizun hori betetzeko ardura, aurten 50 urte betetzen dituzten Villabonako bi elkartek izango dute: Salbadora jubilatu elkarteak eta Oinkari dantza taldeak zehazki.

Salbadora elkarteko kideek botako dute aurtengo txupinazoa, Oinkarirekin batera.

Txupinazoa 18:00etan jaurtiko dute baina horren aurretik, Oinkari dantza taldeko eta Salbadora jubilatu elkarteko kideak, elkarrekin kalejiran helduko dira Errebote plazara. Suziria, Errebote plazan dagoen eszenatokitik bota ohi da eta elkarte bakoitzetik hiru edo lau kide igoko dira oholtzara aurtengoan. Oinkarikoen kasuan, «lau belaunaldi ezberdinetako lau dantzari» igoko direla adierazi du Eneko Arteaga Oinkari dantza taldeko arduradunak. Eta Izaskun Bermejo, Salbadora jubilatu elkarteko zuzendaritzako kidearen esanetan, «zuzendaritzako hiru kide» igoko dira.

 

Txupinazoa jaurtitzeko berria, festa batzordeko bilera batean jaso zutela aipatu dute Aretagak eta Bemejok. «Oso pozik eta eskertuta» egoteaz gain, «herriaren aurrean horrelako egun garrantzitsuan parte hartzea eta protagonistak izatea ohore bat» dela aitortu dute. Oinkari dantza taldearen kasuan, dantzari ohiak izan direnekin deialdi bat egin behar dutela gaineratu du Arteagak: «Suziria jaurti behar dugun unean, eszenatoki azpian egotea nahi dugu, momentu hori denok elkarrekin ospatu dezagun».

Bi elkarteen eginkizuna festetako pregoia irakurtzea eta suziria lehertzea izango da lehen egunean. Gainontzean, bestelako eginkizunak ere bete beharko dituzte jaietan zehar. Salbadora jubilatu elkartearen kasuan esaterako, uztailaren 29an bazkaria egingo dute erretirodunek, Zubimusu ikastolako aterpean. Oinkari dantza taldeak ere izango du bere ekintza Santio jaietan, zehazki, Santio egunean. Urteroko moduan, soka dantza egingo dute eguerdian, eta arratsaldean, urtero antolatzen duten erromeri egunean murgilduko dira.

Aurrera begira dituzten asmoei dagokionez, Salbadora egoitzaren helburuak, «jubilatu, pentsionista eta gerturatzen diren herritarrentzat leku bat izaten jarraitzeaz gain, ekintza ezberdinak antolatzen, elkarbizitza anitza eta aberatsa sustatzen jarraitzea» dela asmoa adierazi du Bermejok. Horretaz gain, «gure arteko harremanak hobetzea eta herrigintzan parte hartzea» lehentasunen artean daudela gaineratu du.

 

Oinkariren kasuan, datozen urteetako helburu nagusia «euskal dantzak hurrengo belaunaldiei transmititzea» izango dela aitortu du Arteagak, eta lan egiteko «ilusio eta gogo handia» dutela azpimarratu du.

Dokumentuaren akzioak