Dokumentuaren akzioak
Santio jaiak bihartik hasita uztailaren 31 bitartean Zubietan
Astelehean, berriz, soka dantza egingo dute zubietarrek
Igandean ere, Santio bezperan, izango da zer ikusirik. Hasteko meza izango da 9:30etan eta ondoren, 10:00etatik aurrera Artisau azoka egongo da ikusgai goiz osoan zehar. Bertan mota guztietako artisau lanak egongo dira ikusgai eta erosgai. 11:00etatik aurrera, berriz, sagardo dastaketa izango da.
Arratsaldean, futbito partida izango da 17:30etan gazteak ez hain gazteen aurka eta ondoren, 19:00etan, indarrak berritzeko aukera izango da, sardina jana antolatu baitute sagardoaz lagunduta. Gero, afalostean, erromeria giroa nagusituko da, laiotz taldearekin dantzaldia izango baita 2:30etatik aurrera.
Santio eguna
Santio eguneko festari dagokionez, goizeko 9:00etan esnadeia izango dute eta ondoren, goizeko 11:00etan, meza nagusia bertako Santio elizan hain zuzen ere. Bertara hurbiltzen diren guztiek zerbait jateko aukera ere izango dute 11:30etan, hamaiketakoa banatuko baitute ordu horretan.
Goizeko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa izango da ondoren: soka-dantza hain zuzen ere. 1997. urtean berreskuratu zuten usadio zahar hau Zubietan. Orduz geroztik jai hauetako ekitaldirik garrantzitsuenetako bat bihurtu da zubietarrek bertako errebote plazan egiten duten dantza hau eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Egunean zehar ere hainbat ekitaldi izango dira errebote plazan. Hasteko, inguruko herrietako trikitilariak gerturatuko dira Zubietara. Izan ere, Zubietako VIII. Trikitixa Txapelketari hasiera emango zaio arratsaldeko 18:00etan. Inguruko herrietako trikitilari gazteek beraien abilezia erakusteko aukera izango dute beste behin ere Zubietan.
Gauean, berriz, bertsolariak izango dira protagonista nagusiak. Zubietako Jai Batzordeak bertsolari talde dotorea osatu du Santio egun honetarako. Oholtzan izango dira 22:30etatik aurrera Xebastian Lizaso, Jexux Mari Irazu, Xabier Silbeira eta Amets Arzalluz, gai jartzaile lanetan, aldiz, Xabier Sukia bertsolari oriotarra izango dute lau bertsolariek.
Azkenik, eta egunari amaiera emateko, Irma eta Amets trikitilariekin erromeria izango da bertso saioa amaitu bezain laster.
Hurrengo egunean, hilaren 26an, oilasko biltzaileak goizeko 6:00etatik aurrera oilasko biltzen ibiliko dira Zubietan baserriz baserri arratsaldeko 14:00ak bitartean. Gauean, berriz, 22:00etatik aurrera Caucasoko Cleozar goi mailako dantza taldearen ikuskizuna izango da, penintsula iberiarrean egiten ari diren biraren barnean.Gero, ostiral arte atsedenaldi bat izango da Santio jaietan, baina astebururako ere hainbat ekitaldi antolatu ditu Zubietako Jai Batzordeak.
Dokumentuaren akzioak