Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sanpedropera itzuli da Lekeitioko Kaxarranka

Dokumentuaren akzioak

Sanpedropera itzuli da Lekeitioko Kaxarranka

Asier Uskolak 08:00etan egin du dantza San Pedroren irudiaren aurrean. Abaroan ikusi ahal izan dituzte Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua herritarrek.
Egilea
Eider Mugartegi
Komunikabidea
Lea-Artibaiko Hitza
Tokia
Lekeitio
Mota
Albistea
Data
2021/06/29
Lotura
Lea-Artibaiko Hitza
Asier Uskola Kaxarranka dantza egiten. Argazkia: Lekeitioko Udala

Asier Uskola kaxa gainera igo da aurten ere, bere herritarren txalo artean. Iazko modura, Abaroa parkean egin dute aurten ere Kaxarranka, baina aurten San Pedrori ere ez zaio dantzarik falta izan. Iaz ezin izan bazen ere, aurten Sanpedropera itzuli da Kaxarranka eta aurreskua ere egin diote sainduari.

08:00etan batu dira Sanpedropean Lekeitioko kofradiako, parrokiako eta udaleko ordezkariak eta baita inguruko bizilagun gutxi batzuk ere, eta San Pedrori begira dantzatu dute Uskolak kaxarranka eta aurreskua, ondoren, Etorkizuna dantza taldeko dantzariek. Horrez gain, Jose Agustin Maiz Lekeitioko parrokoak bedeinkapena egin du Kilin-Kala egiten den tokian, itsasoari begira. Kaxarranka eta aurreskua bai, baina prozesiorik eta Kilin-Kalarik ezin izan da egin aurten ere, jende pilaketak saihesteko.

Herritarrek Abaroan ikusi ahal izan dituzte Lekeitioko San Pedro eguneko ohiko dantzak. Apurka-apurka, bete dituzte berdeguneko jarlekuak aurten ohitura zaharra ikusteko aukera eduki duten herritarrek. Boluntarioen laguntzagaz joan dira zozketa bidez egokitu zaien aulkira. Osasun neurriak bermatu ahal izateko, aurten ere sarrerak zotz egin ditu udalak, Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua ikustera joateko izena eman dutenen artean. Guztira, 200 herritarrek lortu dituzte sarrerak.

18 urte daramatza Uskolak San Pedroren omenezko dantza egiten, baina gaur San Pedroren aurrean berriro dantza egiterakoan “hunkitu” egin dela aitortu du. “Beste zentzu bat du”, adierazi du. Baina, pozik egon da herritarren aurrean ere dantzaldia eskainita. Iaz ere Abaroan dantzatu zuen, baina aurten oholtza bat jarri dute udako kultur ekintzetarako, eta oraindik gorago dantzatu behar izan du. “Kanpoan egin dut dantza agertoki gainean, baina Lekeition arraroa egiten zait”. Hala ere, lasai egon dela esan du; izan ere, duela egun batzuk egon ziren bertan Abaroan dantzaldia entsegatzen musikariekin batera, sarrerak eta irteerak prestatzeko.

Dantzaldien ostean, 39. irrintzi txapelketa ospatu da parkean. Guztira, 11 umek eta zazpi nagusik parte hartu dute. Umeen arteko irrintzirik hoberena Beñat Kohler-ena izan da. Nagusietan, berriz, Nerea Foruria izan da irabazlea.

Gaur arratsaldean ere ekimenak egon dira. 19:00etan hasi da Abaroan Taberna Ibiltariaren kontzertua. Bihar [ekainak 30] berriz, Aratuste Alai Estudiantinaren kontzertua egongo da, 19:30ean, Abaroa parkean. Emanaldi horretarako sarrera ere doan izango da.

 

 

 

Dokumentuaren akzioak