Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sanjoanetako suaren inguruan elkartuko dira Gipuzkoako hamaika herritan

Dokumentuaren akzioak

Sanjoanetako suaren inguruan elkartuko dira Gipuzkoako hamaika herritan

Urteko gaurik laburrena seinalatua izaten da sanjoanak ospatzen dituzten herrietan, eta gaur emango diote Gipuzkoako zenbait herrik jaietako egitarauari. Iluntzean sua piztu ondoren abiatuko dira jaiak Hernani, Andoain, Arrasate, Eibar eta Tolosan, esaterako. Datozen egunetarako egitarau zabala dute programatuta guztiek.
Komunikabidea
Naiz
Mota
Albistea
Data
2023/06/23
Lotura
Naiz

 San Joan suaren bueltan, hernaniarrak dantzan.

San Joan suaren bueltan, hernaniarrak dantzan. (Gorka RUBIO | FOKU)

 

San Joan bezperan sua piztearekin batera pizten dira Euskal Herriko txoko askotako festak. Gaurko eguna seinalatua da herri gehienetan; horietako batzuk dira Hernani, Andoain, Eibar, Arrasate eta Tolosa. 

Hernanin gaur botako dute txupinazoa udaletxeko balkoitik, 12.00etan, jaiei hasiera ofiziala emateko. Herburu Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideak arduratuko dira banderak igotzeaz, bost eguneko festari hasiera emateko. Akelarrea noiz iritsi zain daude jada hernaniar gazteenak, San Joan jaiak hasi eta herritar mordoa kalera ateratzen dituen lehenengo ekitaldi handi eta desiratua baita. Ez dute hutsik egingo San Joan errondak eta San Joan suak ere, noski.

Lehen azeri dantza igandean izango da, 9.00etan; eta astelehenean eta asteartean ere egingo dute. Beste zenbait jarduera klasikok ere egitarauan jarraitzen dute: larunbatean, 18.00etan, dantza solteko txapelketa izango da; bertso jaialdia izango da astelehenean, 17.00etan; eta asteartean, 12.30ean, herri kirolen txanda izango da, aizkolari eta harri-jasotzaileekin.

Andoainen ere gaur hasiko dira festak. Aurten mendeurrena bete duen S.D. Euskalduna kirol klubeko ordezkariek botako dute, ehun urte luze horietan herriko kirol eta kultura bizitzan etengabe parte hartu dutelako. Datorren asteartera bitartean andoaindarrek ez dute aspertzeko denborarik izango. Ohiko ekitaldiak mantenduko dira, hala nola Lebiton erraldoi eta buruhandien konpartsaren emanaldiak, korporazio berriaren sokadantza eta salbea, axeridantza edo haurren danborrada.

Musika arloari dagokionez, aurreko urteetan bezala, talde ezagunek alaituko dituzte Andoaingo gauak. Besteak beste, ETS eta Korrontzi gaur, Zea Mays larunbatean, Burrunba eta Bulego igandean eta Michael Jackson-i tributua astelehenean.

 

ARRASATE, EIBAR ETA TOLOSA ERE SUAREN BUELTAN DANTZAN.

Arrasaten ere egitarau zabala prestatu dute udal jai batzordeak eta txosna batzordeak, urteko gaurik laburrenari ongietorria emateko. San Joan sua 22.30ean piztuko badute ere, aurretik zenbait ekitaldi iragarri dituzte.

Txosna batzordea izango da goiztiarrena, eguerdiko 12.30ean botako baitu txupinazoa Arrasateko Bilgune Feministak. Ondoren trikipoteoa eta herri bazkaria izango dira. Arratsaldean, makala jasotzea egingo da eta, suaren aurretik, errementari dantza.

Egitaraua astelehenera artekoa izango da eta lau egun horietan ez dira faltako ohiko entzierroak eta errekortadoreak, erraldoi eta kilikien konpartsen kalejirak, “Zeuk iñ zeuk jan” bazkari herrikoia edo bertso jaialdia, besteak beste. Igande arratsaldean, presoen aldeko manifestazioa egingo dute, Sarek antolatuta.

Eibarren, urtero bezala, Lizarrako dultzaineroen kalejirarekin hasiko dituzte jaiak, Estaziño kaletik Untzaga plazaraino. Han txupinazoa botako dute 13.30ean. Datorren ostegunera arte, zazpi eguneko egitaraua prestatu du udal jai batzordeak, herriko kirol, gizarte eta kultura arloko taldeen parte-hartzearekin.

Tolosan, azkenik, gaur arratsaldean ekingo diete jaiei. Festen hasiera iragartzeko txupinazoa jaurtiko da udaletxeko balkoitik. Horren ondoren, haurrentzako San Joan su txikia piztuko da eta gauean, su handia. San Joan eguna, ohi bezala, eskopetarien eguna izango da. Alarde honen bitartez, ehunka gaztek Gipuzkoako antzinako foru-miliziak gogoratuko dituzte beren eskopeten deskargak eginez. Ez da beraz, aspertzeko tarterik izango.

Dokumentuaren akzioak