1984an eraiki zen Sandiusterriko aretoa. Eszenatokia, butakak eta ikuskizunak taularatzeko eta proiekzioak egiteko erabili izan da orain arte. Azken urteotan, baina, erabilera eskasa zuen eta, horregatik, eraikina egokitzea erabaki zen duela bi urte. Obraren esleipen prozesuak bide korapilatsua izan du, baina, azkenean, burutu da. Areto hori herrian sortu diren beste behar batzuk asetzeko birmoldatuko da: musika eskolarako eta dantza talderako gelak egingo dira.
Lantzen ari den proiektuan aurreikusten da udal musika eskolako gela batzuk bertan kokatzea. Horrela, musika eskolan dauden espazio arazoak konponduko dira. Horretaz gain, Ttarla dantza taldearentzat entsegu aretoak eta materiala biltzeko gelak ere egokituko dira.
Aurreproiektuan aurreikusten dira, zehatz mehatz, ondoko espazioak: Sotoan 4 musika entsegu gela. Behe solairuan erabilera anitzeko gela, dantza gela eta irakasleen gela. Lehenengo solairuan musika gelak.
Lanak egiteko garaian, irisgarritasuna kontuan hartu da (igogailua egongo da), baita eraikina energetikoki eraginkorra izatea ere.
Sei hilabeteko epea eta 663.782 euroko aurrekontua
Obra egiteko sei hilabeteko epea du enpresak eta obraren aurrekontua da 663.782,38 eurokoa (BEZa barne).