Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka San Sebastian eguna iragartzeko kontzertu berezia eskainiko dute txistulariek igandean

Dokumentuaren akzioak

San Sebastian eguna iragartzeko kontzertu berezia eskainiko dute txistulariek igandean

Egilea
Beñat Parra
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/01/08
Lotura
Irutxuloko Hitza

txistulariak

Donostiako Udaleko Txistulari Taldea.Pablo Axpe

Astebete pasatxo gelditzen da San Sebastian eguna ospatzeko, eta Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak hiriko jairik garrantzitsuena iragartzeko kontzertua emango du igandean (hilak 14). Antzoki Zaharrean izango da, 12:00etan, eta gonbidapena eskatu beharko da emanaldiaz bertatik bertara gozatzeko; hilaren 10eko 11:30etik aurrera eskatu ahalko dira gonbidapenak, Antzoki Zaharreko eta Viktoria Eugenia antzokiko leihatiletan —gehienez bi sarrera eskatu ahalko ditu pertsona bakoitzak—, eta udalaren Youtubeko kanaletik zuzenean ikusi ahal izango da baita ere.

Udal bandako txistulariez gain, inguruko herrietako hainbat txistularik ere hartuko dute parte kontzertuan, eta baita Donostiarrak Abesbatzak, Donostiarra Metal Boskoteak, Amets Olaizola eta Iker Casares abeslariek, Gero Axular dantza taldeak eta Kresala elkarteko haur danborradak ere. “Donostia ardatz hartuta, hainbat pertsonaia eta ospakizun esanguratsu izango ditu gogoan ikuskizunak; esaterako: Juan Ignazio Iztuetaren Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuaren argitalpenaren 200. urteurrena eta Gero Axular dantza taldea”, azaldu du txistulari taldeak.

Txistulariek urtero eskaintzen dute sansebastianak iragartzeko kontzertu berezia, eta aurten Donosti zaharra pasodoblearekin irekiko dute Inozentzio Gaztelumendi musikariak sortutako piezarekin. Jarraian, Juan Ignazio Iztueta dantza maisuak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia idatzi zuenetik 200 urte igaro direla gogora ekarriko dute txistulariek, eta, aldi berean, 2023an Txinan euskal dantzak erakusten sekulako arrakasta izan zuen Gero Axular dantza taldea oholtzan izango da.

Bandak gaineratu duenez, “Donostia maitasun, nostalgia edo umore eragile handia izan da urte luzez idazle zein musikarien artean. Askok eta askok adierazi dute lurraldearekiko euren sentimendu, irudi edo ikuspegia. Horien eredu, Amets Olaizola haur kantaria eta Iker Casares tenorea ariko dira kantuan programan. Eskainiko dituzte Moro katua, Mando baten gainean, Asto kontuak, Euskal lurreko lore baratza eta Inauguración del ferrocarril del norte“.

Amaitzeko, “umorea eta inauteria giroa uztartuz”, danborrada doinuekin itxiko dute emanaldia, Kresala elkarteko haur danborradaren eskutik. Hain zuzen ere, Vals de tamborrada eta Donostiako Martxa izango dira emanaldiko azken piezak.

Dokumentuaren akzioak