San Saastin da Lakuntzako patroia eta San Saastiñak dira Lakuntzako berezko festak, abuztuko festak garai bateko feriak baitziren. Horrela, lakuntzarrek gogoz hartzen dituzte neguko festak. Aurten, tamalez, ezingo dira ospatu, COVID-19 birusak sortutako pandemia dela eta.
Festak ez, baina bihar, San Saastin egun handian, bi ekitaldi izanen dira. Batetik, kultur etxeak Et Incarnatus orkestraren, Xabier Leturia, Kristina eta Leireren eta Mikel Urdangarinen kontzertua hartuko du 11:45ean eta 13:15ean. Sarrerak Ogiberrin salgai daude. Eta, bestetik, kintoek plazan Alkate Dantza dantzatzeko ohiturari eustea erabaki dutela azaldu du udalak, maskarak jantzita eta beharrezko osasun neurriak hartuta. Ekitaldia jarraitzera gonbidatu du udalak, segurtasun distantziak hartuta eta musukoa jantzita.
Beraz, lakuntzarrek aurten etxean dastatuko beharko dituzte egun hauetarako propio prestatzen diren piperropilak, eta bertan behera gelditu dira Lakuntzako Pertza elkarteak antolatutako danborrada eta San Saastin ermitako erromeria, besteak beste.