Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka San Petersburgoko Eifman Baletak 'Robin' lana ekarriko du Arriagara

Dokumentuaren akzioak

San Petersburgoko Eifman Baletak 'Robin' lana ekarriko du Arriagara

Komunikabidea
Uriola
Mota
Albistea
Data
2016/03/16
Lotura
Uriola

Errusiako gaur egungo dantza konpainia onenetako bat dator Arriaga Antzokira, zein eta San Petersburgoko Eifman Baleta. Ostiralean eta larunbatean, martxoaren 18an eta 19an alegia, Rodin izeneko lana aurkeztuko du talde honek, Boris Eifman koreografo ospetsuaren zuzendaritzapean. 

Balet honetan Auguste Rodin eskultore frantses handiaren bizitza kontatzen da, bai eta Camille Claudel bere ikasle, musa eta maitale errusiarrarekin izan zuen maitasun istorio tragikoa ere. Hamabost urte baino gehiago elkarrekin egon ondoren bereizi egin ziren, eta haustura hori hain kolpe latza izan zen Camillerentzat non bere azken 30 urteak erietxe batean igaro zituen.

Rodin, Eifman beraren hitzetan, "balet psikologiko" bat da, zeinetan dantzaren bitartez adierazten den Rodinek eta Camillek beren brontze eta marmolezko lanen medioz adierazi zituzten pasioa, barne-gatazka eta etsipena. Bi eskultoreek harrian landu zituzten une horiek Eifmanek maisuki bihurtzen ditu jario aberats batean, gorputz-mugimendu astinez eta emozioz betea. Maurice Ravel, Camille Saint-Saëns eta Jules Masseneten musikak balet honen berezko intentsitatea areagotzen du. Rodin, San Petersburgoko Alexandrinsky Theatre antzokian estreinatu zuten 2011ko azaroaren 22an.

San Petersburgoko Eifman Baleta 1977an sortu zuen Boris Eifmanek (baletaren jatorrizko izena Leningrado Balet Berria izan zen). Balet Berriaren kontzeptu hura benetan berritzailea izan zen, izan ere konpainiak hasieratik esperimentatzeko laborategi gisa ulertu eta garatu zuen bere lana, koreografo batek zuzendutako baletari heldutako antzerkia bailitzan.  

Ikuskizunerako sarrerak 12 eta 42 euro artean eros daitezke www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.

Dokumentuaren akzioak