Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka San Migel bestetan murgilduta dago Igantzi

Dokumentuaren akzioak

San Migel bestetan murgilduta dago Igantzi

Igandeko egun handian dantzariak eta pilotariak izanen dira protagonista

Lehen aldiz jokatuko den Nafarroako arpana txapelketa mistoa erabakiko da gaur arratsaldeko herri kirol saioan
Egilea
Aitor Arotzena
Komunikabidea
Noticias de Navarra
Tokia
Igantzi
Mota
Albistea
Data
2013/09/28
Lotura
Noticias de Navarra

Atzo arratseko 8.00etan bota zuten altxaferoaz geroztik San Migel bestetan murgilduak daude Igantzin. Lehen suziria baino lehen ere zenbait ekitaldi izan zituzten, Biltoki Ttikik antolatutako mus eta partxis lehiaketa, Dantza-jazz ikuskizuna eta elkartasun brindisa izan baitzituzten. Besta lehertu orduko, berriz, Kankailuak eta buruhaundiak txarangarekin ibili ziren herrian barna eta gauerditik aitzibnera Gazteek antolatutako kontzertuak izan zituzten.

Gaurko ekitaldiei dagokienez, goizeko 10.30ean Karrika bueltan ibiliko dira gaiteroak, 11.30ean Karrika bueltan trikitilariak. 12.00etan Gorriti eta bere animalien ikuskizuna izanen da aparkalekuan. 12.30ean Toka txapelketa jokatuko da frontoian eta 18.00etan Herri kirol saioa jokatuko da. Azken urteetan ohikoa denez, txapelketa ofiziala eta herritarrek antolatutako saio berezia nahasiko dira. Txapelketa ofizialari dagokionez, lehen aldiz antolatu den Nafarroako arpana txapelketa mistoa jokatuko da eta bederatzi bikote ariko dira lehian, 45 ontzako enborrari hamar epai emanez. Ondotik, Xabier Ariztegi etxalartarrak harrijasotze erakustaldia eskainiko du eta ondotik etorriko da herritarren proba konbinatua. 20.00etan Elektropatxaranga eta buruhaundiak izanen dira eta gauerditik aitzinera Txingudi DJ-a. Gaur ere Bestabusak lotuko du Igantzi Bortzirietako gainerako herriekin. Beran, Agerra eta Toki-Onatik abiatuko da lehen autobusa 20.45ean, 21.00etan Lesakako suhiltzaileen aparkalekutik eta 21.15ean Etxalarko Landaburuatik pasatuta, 21.30ean ailegatuko da Igantzira. Bigarren autobusa 23.00etan abiatuko da Beratik, 23.15ean pasatuko da Lesakatik, 23.30ean Etxalartik eta 23.45ean ailegatuko da. Arantzatik, lehen autobusa 21.45ean abiatuko da eta bigarrena gauerdian. Itzulerako ordutegiak, berriz, Arantzara 3.30ean eta 6.00etan abiatuko da eta gaineko herrietara, 4.00etan eta 6.45ean.

San Migel Eguna Igandean, San Migel egun handia igandean ospatuko dute Igantzin. 10.30ean hasita, karrikan txistulariak eta ezpata-dantzariak ibiliko dira. 11.30 Meza Nagusia. Ondotik Bandera Agurra plazan eta ezpata-dantzarien saioa. 17.00etan Trikipoteoa eginen da. 17.30ean, emakumeen arteko pala partida: Susana Muneta eta Klair Bordagaray, Maider Mendizabal eta Nagore Arozena Munduko txapeldunen kontra ariko dira. 18.30ean eskuzko pilota partida: Chafee eta Lasa III.a, Antxia eta Beñat Mitxelenaren kontra. Ondotik Muxikoak frontoian. 21.30etik 00.30era Itsaso eta Irune trikitilariekin dantzaldia.

Astelehen goizean, puzgarriak eta Wii frontoian, eguerdian betizuak, haurren bazkaria zentroan eta Baratzondon Herri Bazkaria, Andoni Egaña eta Sustrai Colina bertsolariekin eta txarangarekin eta arratsaldez puzgarriak, Euskaraokea, dantzaldia Joxe Anjel akordeoilariarekin eta Suzko zezena izanen dira.

Ezpatadantzariak igande goizean karrikaz karrika ibiliko dira.

Ezpatadantzariak igande goizean karrikaz karrika ibiliko dira. (Oskar Txoperena)

Dokumentuaren akzioak