Dokumentuaren akzioak
San Esteban eguneko dantzak egin dituzte mutilek Beran
Arratsaldean neskak ere arituko dira eta Aurreskua dantzatuko da
Meza ondotik, berriz ere Herriko Etxera joan dira dantzariak eta udal ordezkariak, baina bandera balkoira igo baino lehen dantzatu du Santi Altzuguren zinegotziak banderaren dantza. Dantzariek inguratua eta Jon Ordoki iloba alabardero eta laguntzaile zuela, elizari begira egin du dantza laburra, beratarren txalo zaparrada hartuz.
Segidan, Gure Txokoa dantza taldeko nagusiek Bordondantza dantzatu dute, txistularien aginduetara, Mikel Goienetxe aitzinean zutela. Berekin batera, Iñigo Erkizia, Xabier Altzuri, Mikel Agara, Ibai Iturria, Jon Irazoki, Patxi Castillo, Mikel Morcillo, Iñaki Eskudero, Iñigo Arana, Jon de la Cruz, Ander Rodriguez, Asier Andueza, Javier Pikabea eta Ibon Erdozainek dantzatu dute.
Bordondantzen ondotik, Berako Makildantzen txanda dator. Aurten talde guziek batera egin dute, bai helduek, baita ttikienek ere. Guzira, 50 dantzari baino gehiago. Hamar makildantza egiten dira Beran, tartean Mitzeltene, Mutildantza, Hiru Txito eta zagidantza izenekoak. Txalo zaparrada ederra jaso dute aurten Herriko Etxeko plazako zola berritua estreinatu duten dantzariek.
Segidan, bertso saioa eskaini dute Berako Herriko Etxe aitzinean paratua zegoen trapaldo ttikitik Sustrai Colina eta Amets Arzallus bertsolariek. Aurtengo berrikuntzetako bat izan da , urteak baitzeramazkiten Xebastian Lizaso eta Andoni Egañak San Esteban egunean hutsik egin gabe Beran. Halere, indartsu etorri dira eta lehenbiziko bertsotan meza luzeari buruz aritu ondotik, hainbat gai jorratu dituzte.
San Estebanetan beti berezia izaten den bazkariaren ondotik, arratsaldeko dantzen txanda izanen da. Aurten, Asier Andueza eta Ibon Erdozain dira mutilen kapitainak eta nesken kapitainei, Ainara Velez eta Izaskun Agarari dantzatuko diete Aurreskua. Arratsaldeko dantzetan neskek ere parte hartzen dute: Leire Barrutia, Amaia Izquierdo, Ainara Velez, Amaia Espinosa, Maddalen Jimenez, Izaskun Agara, Eila Sagastibeltza, Naia Esnaola, Itxaro Errandonea, Eider Pikabea, Maitane Erdozain eta aurten lehen aldiz dantzatuko Oihane Goienetxe, Maialen Mikelarena, Hegoa Telletxea eta Alaitz Aguilar. Neska kapitainetako batek ardura berezia izaten du San Esteban egunean, bere etxean hartzen baitute neska dantzariek eta mutilen bi kapitainek bazkalondoko kafea. Aurten, Izaskun Agarak hartuko du ardura. Beraien gurasoentzat lana ere bada, baina ohore handia batez ere. Gero, etxe horretatik kalejiran joaten dira dantzariak.
Dantzari ttikiak, makildantzan hasi baino lehen.Arg. Aitor Arotzena.
Dokumentuaren akzioak