Dokumentuaren akzioak
San Esteban dantzan
Sanestebanak bihar hasiko dituzte Beran (Nafarroa).
Txupinazoa 12:00etan botako dute udaletxetik, bertan bildutako guztien
aurrean, txaranga eta gaiteroak giroa berotzen duten bitartean;
umeentzat gozokiak ere banatuko dituzte, eta horren ondoren, erraldoiek
eta buruhandiek hartuko dituzte Berako kaleak, ia astebetez herria
jaietan murgilduz.
Asteartea izango da jaietako egun nagusia, San Esteban eguna
izango da, eta berezia izaten da beratarrentzat; beren santua bertako
dantza tradizionalak dantzatuz omentzen dute. Dantza izaten da
protagonista, beraz, egun horretan; udalbatza, txistulariak eta makil
dantzariak Berako bandera gainean hartuta, udaletxetik San Esteban
elizara abiatzen dira Esteban Donearen ohoretan, eta Berako abesbatzak
lagunduta ematen da meza nagusia. Meza nagusiaren ondoan, dantza
emanaldia izaten da Gure Txokoa dantza Taldeko kideekin, txistularien
laguntzaz aritzen dira horiek. Berako makil dantzak eta pordondantza
egiten dituzte.
Euskal dantzak
Herriko ohitura tradizionalak izaten dira gehienbat egun osoan.
Arratsaldean, aurreskua dantzatzen dute, Herriko Etxeko plazan, eta
iluntzean, Altzateko karrikan herri dantzak izaten dira -fandangoa,
arin-arina, Larrain dantza eta abar-; dantza taldeaz gain, bertara
joaten diren guztiek izaten dute izerditzeko aukera. Giro ederra izaten
da San Esteban egunean. Gorputza astinduz ekinten diote egunari, eta
amaitu ere horrelaxe egiten dute; dantzan, alegia.
Ikusgarria izaten da haur, gazte eta zaharrek dantza tradizionalek bilduta festaz nola gozatzen duten.
Jaiek irauten duten bitartean, ez dira faltako bertsolariak,
txarangak, haurren jokoak eta kontzertuak. Triki Ta Ke, Laiotz, Bad
Sound System eta Xutik taldeak izango dira, besteak beste.
Haurrentzako, berriz, puzgarriak, erraldoiak eta buruhandiak izango dira jaietan, baita kukaña esaten diotena ere.
Giroz beteriko bost egun dituzte aurretik Beran, bertara joaten denak festaz gozatzeko aukera paregabea izango du.
Egitaraua
BIHAR
12:00.
Txupinazoa udaletxetik; ondoren, erraldoi eta buruhandiak.
19:00.
Txosna irekiera Altzateko plazan.
00:00.
Dantzaldia Triki Ta Ke taldearekin, Altzaten.
ETZI
10:30.
Meza Nagusia San Esteban elizan. Meza ondoren, Berako dantza tradizionalak.
00:00.
Laiotz taldearekin dantzaldia Altzateko plazan.
ASTEAZKENA
23:00.
Kontzertuak txosnetan: Amets Ilunak, Sutan eta Bad Sound System.
OSTEGUNA
14:00.
Kantu bazkaria Altzateko pilotalekuan.
00:00. Saltoka Taldea Altzateko plazan, Denok dantzara!
Dokumentuaren akzioak