Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Salerosketa askeko dantza

Dokumentuaren akzioak

Salerosketa askeko dantza

Bilboko Erriberako merkatua dantzaleku bilakatzen du Aiko taldeak hilabetean arratsalde batez. Giroak erakarrita, jendetza biltzen du saioak, eta txiki geratzen zaie maiz lekua.
Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2014/11/22
Lotura
Berria

Hemen denak du bere prezioa, edo ia-ia denak, behintzat. Teruelgo urdaiazpiko kiloa, 18,90 euroan; bakailao kiloa, 6,50 euroan; mantzanilla estra oliba kiloa, 5,90ean; txipiroi handiak, 9,90ean; almendra polboroia, 6,90ean; Gaztelako gazta, 8,90ean; eta prezio horien guztien artean, berriz, dantzatzea libre. Orain hiru hilabete hasi zen Aiko taldea Bilboko Erriberako merkatuan dantzaldiak antolatzen, eta hilabetean saio bat egin dute geroztik. Hirugarrena zuten atzo, eta jendetza bildu zuten. Zuzenean musikariak, eta mikrofonoarekin dantza gidatzen Patxi Laborda. Hark «erdizka» esan, eta erdizka jendeak. Hark «erdizka lautan» esan, eta erdizka lautan jendeak. Merkatu dena dantzaleku ere bilakatu du bi orduz.

«Hau terapia bat da», esan du, irribarrez, Bego Ereñok. Nekane Zabala lagunarekin dago merkatuan. Dantzazale dira biak, eta baita Aikoren jarraitzaileak ere. «Durangon ere egiten dituzte saioak hilabetero, eta lehen EHUko ekitaldi aretoan ere bai. Han ere ibiliak gara dantzan, baina lehen aldia dugu hemen». Astelehenetan izaten dituzte dantza eskolak Galdakaon (Bizkaia), eta urratsak ikasita heldu dira dantzaldira. «Hogei urte baino gehiago dira dantzan egin dudala. Gustatzen zait, baina, noski, dantza talde batean ezin duzu egin adin batetik aurrera».

Umeekin dago Roberto Leandro dantzaldian. Jendetza ertzetik begira, lagunaren patinetetik jaitsi gabe alaba. Dantzariei adi biak. Dantzatzera baino gehiago dantzak ikustera etorri direla dio. Denbora-pasa ere bai. «Ez naiz oso dantzazalea, egia esan, baina umeengatik etorri gara, San Mamesera partida ikustera joan aurretik».

«Erronka bat izan da Bilbo guretzat», aitortu du Labordak. «Erdigune inguruko leku bat nahi genuen, eta hau espazio polita da. Ez da handiegia, eta begiratzera etortzen denak ere erraza du dantzarako bidea. Jende asko etortzen da aldiro orain arte, eta lekua txiki gelditzen da». Gainezka dago merkatu sarrerako gunea, baina ez da hori arazo Labordarentzat. Eskutik helduta aritu behar dutela eta, leku handiagoa hartzeko eskatu die dantzariei: «Zabaldu, zabaldu, zabaldu!». Hartu du jende artetik eskutik bikotea Labordak, jarri ditu batzuk berari segika, eta merkatu sarrerako eskailera elektrikoetan gora eta behera eraman ditu atzetik segika zituen guztiak. Irriz jendea, haiei begira.

Bertan bezain urrun

Badu hainbesterako eskola Labordak. «Guk dantzaldi bat hasten dugunean, ez dakigu zehazki zer jo behar dugun. Etortzen den jendearen araberakoa da. Biltzen direnek dantzan badakitela ikusten badugu, gauza ezberdinak egiten saiatzen gara». Ohituta daude Aiko taldekoak kalean dantzaldiak antolatzera, baina, diotenez, babesa eskatzen du urtaroak, eta horregatik hautatu dute merkatua. «Askotan galdetzen digute zergatik ez den egiten dantzaldirik Olentzero egunaren bueltan, eta arrazoia da hotza egiten duela eta hobe dela bero egotea».

Garbi heltzen zaio Aiko taldearen musika Iñaki Herrerari, baina gertu bezain urrun du dantzalekua. Bego fruta dendan dabil lanean, eta musika aditzen badu ere, ezin dantzan hasi. Pozik, halere. «Merkatua alaitzen dute halako ekitaldiek, eta jendea erakartzen dute». Dioenez, gune bakoitzak du bere urratsa. «Dantzara datorrena dantzara dator, eta ez ezer erostera».

Bi emakume, atzo, Bilboko Erriberako merkatuan, Aiko taldeak gidatutako dantzaldian elkarrekin vals bat dantzatzen.

Bi emakume, atzo, Bilboko Erriberako merkatuan, Aiko taldeak gidatutako dantzaldian elkarrekin vals bat dantzatzen. IÑIGO ASTIZ

Dokumentuaren akzioak