Salbatzaile Dantza Taldearen sortzaile Begoña Arroyoren omenezko plaka jarri dute Kastañosen

Bilboko Udalak Begoña Arroyo Aldekoa Salbatzaile Dantza Taldearen fundatzailearen omenezko plaka bat inauguratu du ostiral honetan Castañoseko Udal Zentroan. Izan ere, 1980tik 2006ra bitartean Salbatzailek bere entseguak eta kultur lana egin zituen eraiki horretan. Senideekin eta dantzariekin batera, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta udalbatzako beste kide batzuek ere parte hartu dute ekitaldian.
Begoña dantzari eta euskal dantza irakaslea izan zen. 80ko hamarkadan euskal folklorea sozializatzeko lan gehien egin zuen pertsonetako bat izan zen eta, bere bultzadari esker, euskal dantza irakasten hasi zen Bilboko eskoletan. Halaber, Olentzeroren desfilearen eta Bilboko Santiago Plazako erromerien aitzindarietako bat izan zen.
Oso gazte hasi zen dantzan, 12 urte besterik ez zituela. Garai hartan, Olaeta familia Bilboko hainbat auzotan ibiltzen zen dantza irakasten, eta haiekin eman zituen lehen urratsak. Ondoren, La Aneja eta Dindirrin ikasten jarraitu zuen. Olaetarrekin, besteak beste, kontrapasa ikasi zuen, geroago bere taldean irakatsi zuena.
1978an Salbatzaile dantza taldea sortu zuen bere seme-alaben laguntzarekin. Entseatzeko leku bat behar zuten, eta El Salvadorreko parrokiak espazio bat utzi zien, taldearen izena jasotzen duena. Salbatzaile Euskal Dantzarien Biltzarreko kide da. Gaur egun, 5 eta 50 urte bitarteko 200 kide baino gehiago ditu, eta kultura- eta festa-jarduera ugari dinamizatzen eta antolatzen jarraitzen du auzoan.
«Erreferentziazko pertsona»
Bilboko eta Bizkaiko dantza taldeen artean erreferentziazko pertsona izan zela nabarmendu du Salbatzaile Dantza Taldeko kide batek.
«XX. mendearen bigarren erdian, oso zailak izan ziren urteetan, bertako dantzak eta tradizioak berreskuratzen, mantentzen eta zabaltzen lagundu zuen. Begoñak, garai hartako emakumeak zuten familia eta gizarte rolaz gain, dantza taldearen ardura eta erantzukizuna beregain hartzea erabaki zuen. 1978an ezerezetik dantza talde sortu, eta, ordu mordoen bidez eta eskuzabaltasunez, taldearen jarduera mantentzen lagundu zuen 2025an hil zen arte», azaldu du.

Aburtok mezu hunkigarri batekin amaitu du ekitaldia: «Bilboko Udalak gaur jartzen duen plaka hau auzo baten, Bilboko hiri osoaren eta hainbat dantzari-belaunaldiren aintzatespen- eta errespetu-keinua da. Eskertuta gaude talde hau aurrera ateratzeko egin zuen ahaleginagatik, Salbatzaile dantza-talde bat baino askoz gehiago baita. Plaka honek betiko gogoratuko du Begoña Castañoseko Udaltegi honetan, hemen loratu baita berak auzoan ereindako hazia. Hemen gogoratu nahi dugu, sinbolikoki, taldeak hainbeste urtez eduki zuen entsegu-gela».
Omenaldia igandean
Igande honetan, maiatzak 10, Bego Arroyo omentzeko egun osoko egitaraua antolatu du Salbatzaile Dantza Taldeak Kastañoneseko Funikularreko plazan. 12:00etan hasiko da ekitaldi batekin. 15:00etan herri bazkaria eta, Kastaños Kantari taldeak bazkalostea alaitu ondoren, 18:00etan erromeria egongo da.