Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo dantzariei harrera egin die Bergarako Udalak

Dokumentuaren akzioak

Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo dantzariei harrera egin die Bergarako Udalak

Egilea
Aitor Agiriano Arrese
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Bergara
Mota
Albistea
Data
2023/11/10
Lotura
Goiena

Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo txapeldunak izan dira 47. Euskal Herriko dantza txapelketan. Bikote berberak irabazi ditu 2019ko txapelketa, 2022koa eta aurtengoa. Hori horrela, garaikur berezia ekarri dute Bergarara, Aitor Ruiz de Eginok egindako eskultura, hain zuzen. Hala, behin betiko egongo da eskultura hau Bergarako udaletxean. Harrera beroa egin zieten atzo, herriko dantzariez inguratuta.

Saioa Galarraga Pardina eta Julen Murgiondo Izagirre dantzari bergararrak Euskal Herriko dantza txapeldunak izan ziren urrian Seguran ospatutako txapelketan. 2019ko eta 2022ko lehiaketak irabazi ostean, aurtengoa hirugarren aldia izan da txapelketa berbera irabazten dutela. Bost urtetan hiru txapelketa irabazteari esker, saria ordezkatzen duen eskultura Bergaran geratuko da betirako.

Lorpen hori balioan jarri eta dantzari bikotea zoriontzeko asmoz, Bergarako Udalak harrera egin die eguen honetan Galarragari eta Murgiondori. Bertan, Gorka Artola alkateak bergarar guztien "esker ona" helarazi die, "Bergararen izena Euskal Herritik hedatzen lagundu izanagatik". Zentzu horretan, "dantzaren bitartez gure emozioak eta gure herriaren kultura eta balioak transmititzeko aukera" dagoela nabarmendu du.

Artolak, gainera, saria udaletxean geratzeak suposatzen duen "ohorea" nabarmendu du: "Ez izan zalantzarik hemen mimo eta maitasun handiz zainduko dugula, eta gaurko ekitaldi hau ere gure bihotzetan geratuko dela betirako".

Txapelketa irabazitako beste bergarar batzuk

Ekitaldian, gainera, Maite Lazkano dantzarien prestatzaileak hartu du hitza. Ez da udaletxeko pleno aretoan egon den dantzari bakarra izan; izan ere, Juantxo Urbieta, Amaia Agirre, Maite Lazkano eta Aitzol Ena dantzari bergararrak ere bertan izan dira.

Guztiak, garai ezberdinetan, Euskal Herriko Dantza Txapelketa irabazi izandakoak. Amaia Agirrek, gainera, Edu Muruamendiarazekin bikote osatuz, 1990ko hamarkadan, hiru urtez jarraian irabazi zuen txapelketa eta, ondorioz, Bergarako udaletxera eroan zuten biek garaikurra.

Modu honetan, Bergarako Udalak herriko dantzari historikoak ere omendu nahi izan ditu ekitaldi honetan. Bukatzeko, herriko dantzari gazteek aurreskua dantzatu diete Euskal Herriko txapeldun berriei eta gainontzeko dantzari historikoei.

Txapelketa irabazi duten debagoiendarrak

  • 2023 Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.
  • 2022 Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.
  • 2019 Saioa Galarraga eta Julen Murgiondo bergararrak.
  • 2009 Maite Lazkano eta Aitzol Ena bergararrak.
  • 2001 Maite Lazkano eta Asier Ena bergararrak.
  • 1995 Amaia Agirre eta Edu Muruamendiaraz bergararrak.
  • 1994 Amaia Agirre eta Edu Muruamendiaraz bergararrak.
  • 1993 Amaia Agirre eta Edu Muruamendiaraz bergararrak.
  • 1986 Amaia Agirre eta Juantxo Urbieta osintxuarrak.
  • 1984 Amaia Agirre eta Juantxo Urbieta osintxuarrak.

Dokumentuaren akzioak