Dantzak hartu zuen Baztartxo antzokia larunbat arratsaldean. Sahatsa dantza taldeak Matalaz ikuskizuna eskaini zuen 19:00etan hasita, eta hainbat herritar bertaratu zen ikuskizunaz gozatzera. Osasun egoera ikusita, Sahatsako kideak "kezkaz" igaro zuten joan den astea, baina jendeak larunbateko ikuskizunari harrera ona egin zuela ikusita, "pozik" agertu ziren dantzariak: "Azken astean bildur ginen, eta ez genekien COVID-19aren egoera honek utziko ote zigun ikuskizunarekin aurrera jarraitzen. Azkenean bai, lortu genuen, eta gustura gelditu ginen emaitzarekin. Jendearen iritzi oso onak jaso genituen, eta, beraz, dantzariak pozik eta lanean gogor jarraitzeko gogoz daude".
XVII. mendean Zuberoako nobleen aurka nekazariek egindako matxinada arrakastatsua zuzendu zuen Bernard Goienetxe Matalaz elizgizonaren antzezpena da Matalaz ikuskizuna. Istorioan azaltzen denez, Frantziako tropek esku hartu zuten matxinada horretan, eta Goienetxek berrezarritako Zuberoako foruak indargabetu egin zituzten. Ondoren, tropek burua moztu zioten Matalazi herritarrak beldurtzeko eskarmentu gisa, eta bere burua ikusgai egon zen gau batez, bere jarraitzaileek kendu zuten arte.
(Argazkiak: Sahatsa dantza taldeak utzitakoak)