Udari ongietorria emateko eguna berezia izango da aurten Azkoitian; izan ere, 700. urteurrena tarteko, ekitaldi berezia antolatu du Azkoitiko Udalak. Joan zen astean iragarri bezala, Sahatsa dantza taldearen ikuskizunak irekiko du igandeko ospakizun ekitaldia, eta sua pizteaz Anaitasuna mendi bazkunako eta Iraurgi Saskibaloi Taldeko ordezkariak arduratuko dira.
Sahatsako dantzariek eskainiko duten emanaldia "berezia" dela azaldu du Sahatsako zuzendari Juan Luis Lizabek. Hain zuzen, azaldu du Sahatsak lau kasutan soilik eskaini duela pieza: "Gipuzkoako ezpata dantza oso une berezietan dantzatzen zen, nahiz eta gaur egun hainbat herritan urtero dantzatzen duten dantza taldeek. Guk lau alditan eskaini dugu. 2014an dantzatu genuen estreinakoz, Baskongadaren 250. urteurrena tarteko: 2016an, Katalina de Erauso pastoralean parte hartu genuenean ere eskaini genuen; 2018an, Sahatsa taldearen 40. urteurrenean, dantzatu genuen hirugarrenez, eta duela bi urte, Azkoitiko Bandera ofizialaren aurkezpen ekitaldian laugarrenez". Igandean, 700. urteurrenaren harira, berriro dantzatuko dute.
Dantzariak 21:25ean abiatuko dira Kale Nagusitik eta handik plazara joango dira. Behin plazara iritsita, Ana Azkoitia alkateak Azkoitiko bandera emango dio dantzarien buruzagiari. Ondoren, taldeak dantzatuz egingo du Plazaberritik barrena Balda plazara arteko ibilbidea. Dantzariek, segizioarekin, Gipuzkoako Ezpata Dantza eta Bandera Dantza egingo dituzte, besteak beste. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkor txistulari taldeak osatuko dute segizioa.
Suaren piztea
22:00etan hasiko da San Joan suaren bueltako festa. Aurten, Anaitasuna mendi bazkunaki eta ISBko kideek jasoko dute omenaldia, sua pizten dutenean. Miguel Mari Azpiazuren eta Anastasio Albisuren Azkoitia obraren doinuek girotuta piztuko dute bi kirol taldeetako ordezkariek aurtengo San Joan bezperako sua. Azkoitiko Udal Musika Bandak, Parrokiko Abesbatzak eta Iraurgi abesbatzak parte hartuko dute ekitaldian, baita Bizkargi musika eta dantza eskolako zein Txalkor txistulari taldeko kideek ere.
Sua piztu ostean, berriro aterako dira plazara Sahatsako dantzariak, eta urtero bezala askotariko piezak eskainiko dituzte: San Joan Zortzikoa, Agurra, Makil dantza eta Uztai txiki dantza, hain zuzen. Ondoren, herritarrek plaza dantzak egiteko aukera izango dute Aitor Sorazuk gidatuta.
Arratsaldean, Doniene saioa
Jai arratsaldean goiz hasiko da San Joan bezperako festa. Bizkargi musika eta dantza eskolak eta Txalkorrek dantzarien Doniene saioa eskainiko dute 19:15ean hasita, Balda plazan.
700. urteurrena dela eta, EITBk zuzenean emango du Azkoitiko San Joan suaren festa, beste hainbat herritakoarekin batera.