Dokumentuaren akzioak
Sahatsa dantza taldeak eskaini du Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruko lehen emanaldia
Uztaila heltzearekin batera, iritsi da beste urte batez Azpeitia Dantzan egitasmoa, eta aurten Sahatsa dantza taldea izan da emanaldia eskaini duen lehen taldea. Sahatsa Plazan deituriko emanaldia eskaini zuen atzo, larunbata, Azpeiti-Azkoitiko taldeak, eta ikuskizunaren atarian Bizkaiko eta Gipuzkoako dantzak eskaini zituzten. Urrundik heldu naiz eta Gogoaren baitan doinu entzutetsuek eman zioten jarraipena emanaldiari, eta fandangoak dantzatu zituzten. Emanaldiaren amaieran, berriz, Etxahun Iruriri keinu egin zien taldeak Agur Zuberoa-rekin.
Asteotan emanaldi bat baino gehiago ari da eskaintzen Sahatsa dantza taldea. Izan ere, joan zen igandean Hazparneko (Lapurdi) pilotalekuan eskaini zuten emanaldia, hango jaien programazioaren barruan, Azpeitiaren eta Hazparneren senidetza harremanak sendotzeko helburuz.
Datorren astean, areto dantzak
Azpeitia Dantzan egitasmoak jarraipena izango du datozen bi asteetan. Datorren igandean, hilak 10, Jose Mari Orbegozoren ikasleen txanda izango da, eta horiek areto dantzak eskainiko dituzte Soreasu antzokian, 19:00etan hasita. Hirugarren eta azken saioa, berriz, Itsasi euskal kultur taldeak eskainiko du. Hain zuzen ere, Arkupean ikuskizuna izango da Itsasikoek eskainiko dutena, uztailaren 17an.
Dokumentuaren akzioak