Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sahatsa dantza taldeak Emanaldi jendetsu eta arrakastatsua burutu zuen Madrilen

Dokumentuaren akzioak

Sahatsa dantza taldeak Emanaldi jendetsu eta arrakastatsua burutu zuen Madrilen

Datorren asteburu honetan Bizkaiako Sopuerta herriko jaialdi batean hartuko du parte talde azkoitiar-azpeitiarrak

Egilea
Mailo Oiarzabal
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Azpeitia
Mota
Albistea
Data
2003/07/03

Sahatsakoak oso gustura itzuli dira etxera, aipatutako saioa arrakastaz burutu zutelako. Reina Sofiako plaza gainezka egon zen, bertan bildu ziren euskal jatorria duten madrildar ugari, eta aipaturiko erakustokira zijoan jende asko ere bertan gelditu zen ikuskizunari begira.



Sahatsak ordubete pasatxo iraun zuen saioa eskaini zuen Madrilen, Euskal Herriko folklorearen ikusgarriena eta esanguratsuena etenik gabe eta indar handiz eskainiz, eta hain berotuak zeuden ikusleei txaloak etengabe atera arazi zizkieten Iraurgi bailarako dantzariek.



Harrera bikaina



Emanaldian zehar ikusleen berotasuna nabarmena izan bazen, saioaren bukaeran ere izan zuten Sahatsakoek euren jardunak izan zuen harrera ona baieztatzeko aukera gehiago. Asko izan ziren emanaldia amaitutakoan taldekideengana zoriontzera hurbildu zitzaizkienak, emanaldiak sortu zien zirrara adierazi asmoz.



Horrela, antolaketa ajentziak ere emanaldiaren edertasuna eta ikuslegoaren partaidetza harriduraz agertu zien Azpeitia-Azkoitiko taldeko lagunei. Espainiako abesbatza eta dantza taldeen federazioko lehendakariak ere antzeko hitzak zituen Sahatsarentzat, eta Estatuan zehar egiten diren dantza jaialdi ugarietan Sahatsa Dantza Taldearen partehartzea gomendatuko zuela ere jakinarazi zien taldeko kideei.



Hurrengo zita Sopuertan



Izandako harrera izanda eta jasotako laudorioak jasota, Madril aldetik egin beharreko lanak ustez ondo bete ondoren gustura eta indarberriturik itzuli dira beraz Azkoitiko eta Azpeitiko taldekide gazteak etxera.



Eta baita lanean segitzeko gogoz ere. Izan ere, atsedenerako betarik ez dute hartuko Sahatsakoek, datorren asteburu honetan beste emanaldi bat izango dutelako. Honako honetan irteera laburragoa egin beharko dute, Bizkaia aldera. Horrela, aste honetan zehar prestaketa lanak egin ostean datorren larunbatean, uztailak 5, Sopuertan eskainiko du bere saioa Sahatsa Dantza Taldeak, herri horretan ospatuko den 'II Muestra de música y folclore del Cantábrico' izeneko jaialdiaren barruan hain zuzen.



Eta Sahatsakoak Bizkaia aldean arituko diren bitartean, Itsasi Dantza Taldeak herritarren aurrean eskainiko du bere ikuskizuna. Izan ere, larunbat honetan jarriko da abian aurtengo 'Azpeitia Dantzan' egitasmoa, eta talde azpeitiarra izango da edizio berri honi hasera emango diona, 22:30etan hasita Izarraitz pilotalekuan egingo duen emanaldiarekin.

Dokumentuaren akzioak