Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sagar ustelak

Dokumentuaren akzioak

Sagar ustelak

Baserriko otzara zaharrean tamaina, forma eta kolore guztietako sagarrak batzen doguz. Guztiak baserriko zuhaitzetako fruituak izan arren, ez dira danak egoera berean aurkitzen. Batzuk zuhaitzetik batu barriak dira, berde dagoz ondino, fresko. Beste batzuk denboratxo bat daroarie saskixen eta jateko puntu-puntuen ikusi geinkez. Badagoz, halan da be, baserriko otzaran denbora lar emon eta jateko helduegiak diranak be.
Egilea
Aritz Lasarguren
Komunikabidea
Anboto
Mota
Iritzia
Data
2016/10/28
Lotura
Anboto

Nahiz eta danek eduki euren lekua otzaran, danok dakigu sagar bat usteldu bezain pronto otzaratik atara ohi dogula, gainontzeko sagarrak kutsatu ez daitezan. Intuitiboki, berez egiten dogun zeozer da, izan be, jakin badakigu sagar ustel bakarra nahikoa dala beste danak jangaitz bihurtzeko.

Euskal Herriko dantza tradizionala eta baita Durangaldekoa be otzara zaharra lez ikusten dodaz nik. Bertako dantza taldeetan danetarik ikusi geinke. Alde batetik, dantzan hasi barriak dagoz, fresko fresko eta aurreiritzi barik. Bestetik, dantzan urteak daroazan jentea be badago, dantzari finak eta ez horren finak be bai euren artean. Azkenik, urte askoan edota bizi guztian dantza munduan gogotsu ibili diranak eta oraindik egun dabizanak topatzen doguz.

Euskal dantza tradizionalantzako garairik onenak ez diran honetan, azken talde hau da dantza talde, ohitura eta leku askoren sostengu. Eurak egindako lan guztiari esker mantendu da gaurdaino Euskal dantzei buruz daukagun ezagutza osoa. Badaukagu guzti hauei zer eskertu, beraz.

Esperientzia handiko militante hauen artean, ostera, badagoz aipatutako transmisiñoa ez eze, dantza taldeen arteko aspaldiko gatazka, txarto-ulertu eta haserreak transmititzen dabezanak be. Holako jarrerakaz gainontzeko taldekideak kutsatzea eta hamarkadetan luzatu dan zikloari barriro be hasiera emotea baino ez da lortzen. Adibide moduan, azkenaldian dantza munduan danon ahotan ibili dan gai bat ekarri neike. Izan be, badagoz oraindik tradiziñoaren izenean andrak plazatik kanpo mantentzeko gurutzadaren konplize diranak; haize freskoenek dakarriezan ideiak be usteltzeko gai diranak.

Badagoz lehenbailehen gainditu beharreko kontuak, aspaldi gaindituta eduki beharko geunkezanak. Aurrera begiratzeko ordua heldu da. Haize freskoari atea zabaltzeko momentua dogu hau eta aspaldiko mamuak atzean itxi behar doguz euskal dantzen munduak duintasunez eta dantzari guztion eskubideak errespetatuz aurrera egingo badau. Bizi doguzan garai hauetan zaharkituta geratzen diran eta kalte baino egiten ez daben gatazka hauek alde batera itxi behar doguz, indarrak batu eta amaigabeko ziklo honi bukaera emonez. Bada garaia sagar ustelak otzaratik atara eta bide barri bati ekiteko.

Dokumentuaren akzioak