Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sae Eun Park, Pariseko Operako Balleteko lehen «étoile» asiarra

Dokumentuaren akzioak

Sae Eun Park, Pariseko Operako Balleteko lehen «étoile» asiarra

Pariseko Operako Balletak dituen 352 urteetan sekula ez du Asiako dantzari izarrik izendatu. Ekainean historia egin zuen 31 urteko Sae Eun Parkek. «Romeo eta Julieta» lanaren paper nagusiarekin eskuratu zuen titulu prestigiotsua. Lehen «étoile» asiarra izan da eta historiako bigarren atzerritarra.
Egilea
Nagore Belastegi
Komunikabidea
Naiz
Mota
Erreportajea
Data
2021/10/23
Lotura
Naiz

 

Sae Eun Park, Pariseko Operako Balleteko dantzari nagusia.  Yelim LEE | AFP
Sae Eun Park, Pariseko Operako Balleteko dantzari nagusia. Yelim LEE | AFP

Etoile», «izarra» frantsesez. Hori da Sae Eun Park dantzariak eskuratu berri duen titulua. Pariseko Operako Balleteko titulu gorena da, orain arte beste atzerritar batek baino lortu ez duena, eta bera da Asiako lehena. Hegokorearrak izartegi fin horretako parte izatea lortu du.

2011n munduko ballet erakunderik zaharrenean plaza lortu ahal izateko entzunaldira aurkeztu zenean, Parisen hartu zuen hoteleko gelan hankak guztiz luzatu ere ezin zituen egin, hain zen txikia. Hamar urteren ostean, historia egin du. Pariseko Operako Balletari sarritan kritikatu izan zaio aniztasun falta (erakundeak 25 atzerritar besterik ez ditu 154 interpreteen artean), baina orain mundu elitista horretan arrakala bat zabaldu dela dirudi. Sae Eun Park aitzindaria izan da, baina bere atzetik beste asko etorriko direlako itxaropena dago.

“Romeo eta Julieta” bezalako obra klasiko bati esker lortu zuen bere garaipen epikoa. Ekainean, rol nagusia antzeztu ostean, publikoa zutik jarri zuen, txalo zaparrada erraldoia jaso zuen eta berak ezin izan zien malkoei eutsi Alexander Neef Operako zuzendariak «étoile» izendatu zuenean. «Emozio asko bildu ziren. Hain nengoen pozik eta esker onez. Horrelako amets bat egia bihur zitekeela konturatu nintzen», adierazi zuen 31 urteko dantzariak.

Oztopo kulturalak

Atzean gelditu dira orain arte izan dituen zailtasunak: entrenatzeko metodo desberdinak, hizkuntzaren oztopoa, lesioak eta konpainian bertan dagoen lehiakortasuna. «Frantziar emakumeen intentsitatea eta indarra senti nezakeen. Hemen dantzatzen hasi nintzenean, guztiak atseginak ziren, baina tentsio hori sentitzen nuen. Gaizki-ulertuak egon bazeuden, eta besteen portaeragatik kezkatu egiten nintzen, baina gogorra izaten ikasi nuen. Batez ere gatazka kultural bat izan zen. Ezaugarri kulturalak ulertzen ikasi nuen eta horrek asko lagundu dit», aitortu zuen.

«Arteak –eta ez bakarrik dantzak– nazionalitateak eta arrazak gainditzen dituela uste dut», esan zuen behin bere izar estatusari buruz galdetuta. Izan ere, berarentzat pauso natural bat izan da bere bilakaeran. 2011n Pariseko Operako Balletean dantzatzen hasi zenean jada aitzindaria izan zen, ofizialki instituzio horren parte bilakatzen zen lehen emakume korearra izan zelako. Baina horrek ez du esan nahi «étoile» izendatzea, berak dioen bezala, «naturala» denik.

Ez da hain naturala. 1669. urtean Pariseko Operako Balleta sortu zenetik, atzerritik etorritako izar bakarra izan du, Ludmila Pagliero argentinarra.

Maila horretara iristea genetikoki duen dohain bati esker dela esatea hutsala litzateke. Genetikak laguntzen badu ere, halako lorpen baten atzean sekulako lana dago. Sae Eun Park Hego Koreako dantza eskola onenetan trebatu zen «Vaganova» ballet errusiarraren metodoan, arimari, indarrari eta otzantasunari garrantzia ematen dion metodoan.

Parisera 21 urterekin iritsi zen, ia ez zuen frantsesik hitz egiten eta ez zen Pariseko Operako Balletarekin afiliatutako eskolara joan (bertatik hautatzen dituzte konpainia osatzeko dantzarien %90). Kontraz, bere motxilan ilusio kilo pila bat eta sari ugari zituen gordeta. Izan ere, Lausanako Grand Prixa eta Varnako Urrezko Domina irabazi zituen, dantza arloan oso garrantzitsuak direnak. Koreako Ballet Nazionalean bakarlari izateari uko egin zion Paristik deia jaso zuenean, bertako eskaintza hierarkiarik baxuenean aritzeko bazen ere.

«Korean bakarlaria nintzen eta rol nagusiak antzezten nituen. Operan, berriz, aldi baterako kontratua nuen eta denbora guztian bastidore artean nengoen, baina asko ikasi nuen», gogoratzen du apaltasunez.

Konpainian sartu eta bi urtera bakarlari izatea lortu zuen, baina «izar» izatera iristeko lehiaketa hasi besterik ez zuen egin. Postu hori lortzeko promozioa lehiaketa bidez egiten dute dantzariek, eta lehiaketa hori oso publikoa da. «Garai horretan konpainian lehiakortasun handia nabari da. Baliteke zaila iruditzea zure kideak direnen aurka modu basati horretan lehiatzea, baina ondo pentsatuz gero, lehiaketa horrek esan nahi du konpainia prest dagoela dantzari guztiei aukera berdinak emateko», azaldu zuen balletaren nondik norakoei buruz.

2015ean, bere ibilbidea indarra hartzen ari zela ikusi zuenean, aurpegian kolpe bat hartu zuen entrenatzen ari zela. Azterketak alde batera utzi behar izan zituen eta depresioan murgildu zen. Ispiluetan orbanak ikusteak ere ezinegona sortzen zion eta pentsamendu ilun horietatik ateratzeko modu bakarra dantzatzen jarraitzea izan zen berarentzat.

Berean lanean jarraitu zuen buru-belarri, eta esfortzuak fruitu oparoak ekarri zizkion. Egun dantzatzean transmititzen dituen emozioengatik miresten dute, baita «denbora moteltzeko» duen gaitasunagatik.

Dokumentuaren akzioak