Dokumentuaren akzioak
Sabin Egiguren Apraiz: "Beste mundura joatean utziko diot dantzak irakasteri"
Sabin Egiguren 1940an jaio zen, Bilbon. Hamar urte zeuzkala lehen dantza-eskolak eman zizkion Bittor Olaeta Torrezuri irakasleak. 1964an, Jose Fernandez Armiñanzasegaz eta Josu Martinezegaz batera, Gorantza dantza-taldea sortu zuen. Gerora Herrikoi izena hartu zuen, eta beranduago, Bizkai. 1976an euskal dantza tradizionaleko eskola sortu zuen Egigurenek.
Hunkigarriagoa da zure ikasleek omenaldia egitea? Ibilaldiak eta Ipar Euskal Herriko Euskal Dantzaren Biltzarrak ere omenaldia egin zidaten; azken erakunde horrek birritan egin zidan. Oso gustagarria da egindako lana aintzat hartzea; kasu honetan hunkigarriagoa da, nire ikasleek egingo didatelako. Ostera, beste batzuentzat ez ei da oso interesgarria dantza-eskolan daukagun bideoteka oparoa edukitzea.
Erakunde publikoek aintzat hartzen dute egiten duzuen lana? Ez dugu lanik egiten omenaldiak jasotzeko, baina min egiten digu erakunde publikoen aldetik merezi dugun aitortza ez jasotzeak. Esaterako, orain gutxi, Bizkaiko Foru Aldundiak omenaldi txiki bat egin dio Basauriko Folklore Jaialdiari. Aipatu beharra dago ekitaldi hori nik neuk sortu nuela, 1972an: Euskal Herri osoko 500 dantzari inguruk parte hartzen zuten, zortzi eta hamar ordu arteko ikuskizunean. Orain inor ez da gogoratzen orduan egindako lanaz. Oso tristea da, baina ezin dugu gauza handirik egin. Lanean jarraitu besterik ez.
Euskal dantzaren alorrean ere errepresioa igartzen zen garai horretan? Euskal Herri osoan 12.000 kartel ipintzen genituen garai horretan; Franco bizirik zegoen oraindik. Hala ere, okerragoak ziren Basauriko falangistak: Emilio Escribano alkatea guztiz gogaituta zeukaten.
Zelako arazoak dauzka gaur egun Bizkai dantza-eskolak? Diru-laguntzen eskasia arazo larria da. Bizkaiko Foru Aldundiari eskatzen badiot, badakit emango didala, baina aurkeztutako aurrekontuaren % 30 besterik ez. Geratzen den % 70 zelan ordainduko dugu? Besteak beste, argia, megafonia eta telefonoa ordaintzeko gorabehera handiak edukitzen ditugu gure ikasleen matrikularen diruaz. Nik askotan esaten dut egitasmo bakoitzaren % 100 finantzatuko baligute ere horiek egiteko guztiz beharrezkoak direla argia, ordenagailuak, telefonoz bategaz eta besteagaz berba egitea... Elkarteak ere dirua behar du.
Gutxi iruditzen zaizu dantza-eskolak 40 urtez egitea? Ez. Niri askotan galdetzen didate ia noiz erretiratuko naizen. Beti erantzuten diet lana aspaldi utzi nuela, 76 urte dauzkadala; baina euskal dantzak irakasteari beste mundura joaten naizenean utziko diot. Atsegin dut eta aberriak behar du. Gainera, garrantzitsua da guk lanean jarraitzea, askok baztertzen gaituzten arren; izan ere, euskal dantza tradizionala dantza garaikideagaz nahastu gura dute askok. Egiten dutenak ez dauka zerikusirik euskal dantza tradizionalagaz; hanka dantzatzeagaz uste dute nahikoa dela.
Zer etorkizun ikusten diozu euskal dantza tradizionalari? Euskal dantza tradizionalak balio handia dauka, baina mesprezatzen ari gara. Gainera, ez dakit zergatik, ikuskizunak egitea bururatu zaie orain dantza-talde guztiei: horietatik askok agertokirik ez dute inoiz zapaldu, plazetan baino ez dute dantzatu. Bat-batean ematen du agertoki batean taulek gorde dezaketen guztiaz jakitun direla; guztiz baldarrak dira aurkezten dabiltzan ikuskizunak.
Euskal dantza tradizionalaren etorkizuna oso ilun ikusten dut. Egunen batean, irakaskuntza-lanean ibili diren horien guztien jakinduria galduko dugu, hil egingo dira eta. Bizilegea da. Irakasle gazteren bat badago, baina garai bateko euskal folklorea hurbiletik ezagutu ez dutenez, arazo bat sortzen zaienean, errotik konpondu ordez adabakiak ipintzen eta berrikuntzak egiten ibiltzen dira. Gurea dena galtzen ari gara; eta geratzen dena ez da ona.
Sabin Egigureni omenaldia:
Apirilak 21, zapatua
Plentziako Ontziola plaza
- 10:00 Roberto Etxeberria trikitilaria kalejiran.
- 10:30 Sabin Egigureni ondo-etorria. Berrizko San Lorentzo ezpata-dantzariak.
- 11:00 Berrizko "Dantzari dantza".
- 11:30 / 12:30 Zuberoako kantoreak: Jean M. Bedaxagar, Mixel Etxekopar eta Niko Etxart.
- 12:00 Zuberoako "Kontrapasa".
- 12:15 Sabin Egigurenen biloben (Aretx eta Aiertz) eta Maddi Egigurenen bertsoak.
- 13:00 Berrizko "Soka-dantza".
- 13:30 "Dantza-jauziak", "Jota" eta "Arin-arina".
- 15:00 Bazkaria, El Casino jatetxean.
Dokumentuaren akzioak