Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sabin Bikandi: “Musika eta dantza bat dira, harremanik ez dago, gauza bera da eta izan da”

Dokumentuaren akzioak

Sabin Bikandi: “Musika eta dantza bat dira, harremanik ez dago, gauza bera da eta izan da”

Egilea
Sara Lavado
Komunikabidea
Geuria
Mota
Elkarrizketa
Data
2020/02/10
Lotura
Geuria

Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) Filosofian eta Etnomusikologian doktorea da eta gaur egun Aiko taldeko kidea izateaz gain, Bilboko Udaleko danbolinteroa ere bada. Hainbat talde eta erakundetan aritu da 1980tik irakasle edota jotzaile moduan. Hala nola, Musikenen tradiziozko dantza irakasle aritu da eta Txistulari aldizkariko zuzendaria izan zen (1992-1995). Konpositore gisa, txistu eta tradiziozko musikaren inguruan hainbat musika-lan idatzi eta moldatu ditu. 2015ean ikuskizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria irabazi zuen. Agenda gainezka dauka Sabinek, baina bere bizitzaren ardatzak diren musika eta dantzari buruz hitz egiteko tartetxoa topatu du atsegin handiz. Bere jarduera profesionalaren errepasoa egin digu eta AIKO taldearen ibilbideaz eta helburuez mintzatu zaigu. Ahoan ilerik ez dauka eta titularrez beteriko elkarrizketa eskaini digu.

Nor da Sabin Bikandi? Nola aurkeztuko zenuke zure burua?
Galdakaoko danbolindari umila, musikoa. Musikaren bidea hartu zuena eta horren inguruan ikasten, irakasten eta hainbat kontu egiten ibili dena. Danborreroa.

Musikaria eta irakaslea zara. Zeinetan moldatzen zara ondoen?
Bietan ondo eta gustura. Musikaria eta musika irakaslea izatea tokatu zait eta lanari ekin diot. 14 urterekin hasi nintzen eskolak ematen, Maximo Moreno (Galdakaoko tradizio musikalaren aitzindaria) hil eta gero. Irakasle izateko ikasi beharra nuenez kontserbatorioan hasi nintzen. Eskola, kontserbatorio eta institutuetan irakatsi dut, baina lanbidea jotzea ere badenez ez diot inoiz jotzeari utzi. 24 urte nituela, eta neure egonkortasunaren alde, Bilboko Udal Txistulari Bandan sartu nintzen eta aurten 30 urte bete ditut bertan.

Harrokeriatzat har daiteke baina asko dakit, asko ikasi dut eta lekukoa ematearena garrantzitsua da niretzat, azkenaldian kezkatuta nabil horrekin. Gustatuko litzaidake dakidan guztia transmititzeko bideren bat topatzea. Halere, argi daukat hori egiteko gune egokiak behar direla, ez du edozein tokik balio. Zure galderari erantzunez, jotzea eta irakastea osagarriak direla uste dut.

Txikitatik duzu musikarekiko zaletasuna edo debozioa?
Bai. Gauzak berez datoz? Inguruak egiten ditu? Dohaina ote da? Sarritan genetikoak diren gauzak badaude baina askotan, konturatu barik, testuinguruak izugarrizko eragina dauka. Txikitan zortea izan nuen ikastolan nire lehenengo txirula oparitu zidatenean eta jotzen hasi nintzen. Ondoren txistua, akordeoia, pianoa… baina ez dut uste berezkoa denik. Inguruak modu positiboan babestu eta indartu ninduen eta nik sinetsi eta aurrera egin nuen.

Sabin Bikandi musika eta dantza eskoletan / AIKO Taldea

Zein da musika eta dantzaren arteko harremana?
Musika eta dantza bat dira, harremanik ez dago, gauza bera da eta izan da. Gu gara orain hori ulertzen ez dutenak, gure aitite-amamen garaian argi eta garbi baitzegoen. Kontzertuen errituala oso berria da. Dantza testuingurutik atera eta bere eginkizunak kendu genizkion. Prozesua korapilatsua izan da eta azkenean dantzariek alde batetik eta musikariek bestetik bukatu dute. Horregatik gabiltza batzuk hori berriro lotu nahian. Dantza gizakiaren mugimendua da, baina musikarekin batera. Egungo panorama garaikide honetan denak balio du; dantzarik gabeko musikak, musikarik gabeko dantzak… Gure tradizioan hori bat izan da, ulertezina da musika eta dantza bide ezberdinetatik joatea.

2015ean ikuskizun baterako musika konposiziorik onenaren Max saria jaso zenuen, ‘Gelajauziak’ lanagatik.
Bai, sorpresa izan zen, eta 50 urte bete nituen egunean gainera. Aurreko egunean erromeria izan genuen Durangon eta lagun batzuekin sari banaketaren ‘fake’a egin genuen, eta hara non egi bihurtu zen. Ez dut uste hori baino sari inportanteagorik jasoko dudanik eta pozik hartu nuen, egindako lanaz harro nagoelako eta polita izan zelako. Gozamena da Kukaikoekin lan egitea, eta Cesc Gelabert Kataluniako koreografoarekin asko ikasi nuen. Pozik sariagatik eta bidean ikasi nuenagatik. Egun handia izan zen.

Zer musika mota entzuten duzu etxean edo kotxean?
Ez dut ia musikarik entzuten. Eskolak ematen ditudanean edo eskolak prestatzeko bai, baina melomano alderdi hori galduta daukat. Egia esanda astirik ez daukat eta kontzertuetara joateko are gutxiago. Animatzen naizenean aspertu egiten naiz, berezia izan behar du.

Zein da zure bizitzaren soinu banda?
Ez dakit. Musika bat aukeratzekotan ‘Eusko Gudariak’, barregarriro euskaldunak garelako eta konnotazio asko dituelako. Hau esan eta hunkitu egiten naiz…

Nori edo zeri eskainiko zenioke abesti edo dantza bat?
Hasteko etxekoei, nire emazte eta alabari, hor daudelako beti, eta gero lagun askori. Nahiko txotxoloa naiz horretarako eta hainbat eskaintza egin ditut: emazteari pasodobletxu bat, Ane nire alabari balls bat, Itziar Villamandos AIKOko komunikazio arduradunari txotis bat egin nion, Miren Gabantxori beste pasodoble bat, Patxi Labordak ere badauka bere polka eta abar.

Sabin Bikandi / AIKO Taldea

AIKO taldearen fundatzailea zara.
Bai, musikari eta dantzari kuadrilla bat hasi ginen eta urte batzuk badira hor nagoela. Hainbat xederekin jaio zen AIKO: musikaren eta dantzaren arteko dibortzioari amaiera emateko, dantzaren transmisioan zeuden eta dauden zulo batzuk betetzeko, pertsona helduen dantza formazioa indartzeko, musika egokiak eta dantza egiteko gune berriak sortzeko eta abar. Tradiziozko dantzaren ikerketan gure harri-koskorra ekarri nahi genuen. Hutsunea ikusi eta, harrotasuna edo oharkabetasuna izango zen, baina ekarpenen bat egiteko gai ikusi genituen geure buruak. Hor hasi ginen eta hor jarraitzen dugu. AIKO taldeak nire gaur egungo txistulari moduari zentzua ematen dio.

Iaz ‘Garaikideak’ dantza kontzertua eskaintzen hasi zineten AIKO Taldean.
Bai, ilusio handiz hasi ginen, herriz herri eta plazaz plaza jarraitzeko asmoz. ‘Garaikideak’ lanak AIKO kontzertu formatuan eskaintzeko aukera ematen digu. Gure erromeriak oso produktu definituak bilakatu dira, dantzazale konkretuei zuzenduta daudela ematen du eta ‘Garaikideak’ gure filosofia eta dantza zabaltzeko formatu polita izan daitekeelakoan gaude. Ez da adituentzako erromeria bat.
‘Garaikideak’ izenaren hautuak, bestalde, pitin bat probokatzea du helburu. Askok uste dutenaren kontra, gure musika garaikidea da, sortu berria, freskoa eta inprobisatzailea. Gure musika tradizionalak badu oraindik zer esana, ez dago zertan beste hizkuntza bat sortu.

Zer dela eta egin zuen kale EHUn irakasteko proiektuak?
Nahiago nuke komentatuko ez banu, baina tira. Tristea da benetan gure unibertsitatearen panorama. Halako mastodonte bat izan eta oraindik ere dantza hortik at egoteak amorrua eta negargura ematen dit. Musikologia ikasi nuen eta nirean lan egiteko doktoretza eginda daukat. Nire lanbidea garatzeko eskaintzak izan ditut, baina guztiak hemendik kanpo, AEBetan, Ingalaterran…baina porrusalda gustatzen zaidanez hemen bizi naiz. Independentzia lortzea dugu sarritan jomuga, baina nik independentea izateko baino hezkuntza sistema osasuntsu eta on bat izateko borrokatuko nuke eta berdin lidake titulua Espainiako erregeak, Frantziakoak edo Trumpek emateak. Niri egokitu zaidana sistemaren inguruan, alboetan, lanean jarraitzea izan da, adabakiak ipintzen eta zuloak betetzen.

Unibertsitatean eskolak ematearenak ez zuen aurrera egin gizartea ez dagoelako horretarako prest. Urkulluk sei milioi euroko aurrekontua emango baligu ere ez luke funtzionatuko, aurretik dantza unibertsitateko irakasgai moduan balioan jartzeko eta prestigioa emateko kanpaina estrategikoa eta luzea egin beharko litzatekeelako. Etxea teilatutik hasi nahi izan zuten, baina ez dago lasterbiderik. Dantzaren munduan gauza zentzudunak egiteke daude oraindik ere.

AIKO TALDEA
Musikariak
Álvaro García – Gitarra
Txus Aranburu – Soinua
Amaiur Cajaraville – Kontrabaxua
Sabin Bikandi – Txistua eta danbolina

Dantza irakasleak 
Patxi Laborda
Josu Garate
Katalin Zarate
Anartz Ormaza
Maitane Ruiz

Dokumentuaren akzioak