Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

Dokumentuaren akzioak

Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

Komunikabidea
Euskal Kultura
Tokia
Reno, Nevada, AEB.
Mota
Albistea
Data
2009/08/20

Aipatutako lagun gonbidatuen luxuzko partaidetzarekin, eta ehunda berrogeita hamarren bueltan ibiliko zen jendetza partzuer, Zenbat Garak uztailaren 24an, ostirala, egin zuen bere 'urtebetetze festa', Renoko McKinley Arts and Culture Center delakoaren antzokian, lehenik dantza ikuskizun bat eskainiz --eta horren barnean hogei urtetotako ibilbidea irudi eta bideo bidez eginez-- eta ondoren festa ohikoago batez. Esan daiteke bildutakoek errekonozitu eta eskertu nahi izan zutela Lisa eta Enrike Corcosteguik gidatzen duten taldearen lana, eta aldi berean Zenbat Garak itzuli nahi izan ziola Renoko jendeari urte hauetan guztietan emandako sostengua. Elkarri txaloka, alegia.

Hogei urteotako lana aipatzerakoan, esan beharra dago Zenbat Gara ez dela dantza talde soil bat izan, kultur talde baten baitango ideia izan baitzen Zenbat Gara sortu zutenena. Dantza emanaldiak eskaintzeaz gain, taldeak kultur hedapen lana egin du, ikerketa garatu du, dokumentazioa bultzatu, irakaste lana egin, aholkularitza, dantzarako jantziak goitik behera egin eta josi ditu, eta hau guztia hainbat talderentzat. Ororen buru, kultur animazio lana egin du, engaiamendu handikoa, ordu eta asteburu eta gau asko tartean, jantziak prestatzen eta josten, entsaiatzen, ikertzen, idazten, gaztetxo eta helduei irakasten... Euskal kultur zabalkundea izan da eurena, tradizioari eta euskal dantzari begira gehienbat.

Euskal lekukotasuna eskaintzen

Hogei urteko ibilbide honetan, aipatzen zion Lisa Corcosteguik buletin honi, ehun bat izan dira euskal dantzetara hurbildu eta dantzari bilakatu dituzten jendeak. Euren izenak ekitaldian eman zen bideo batean agertu ziren, banan bana. 1989an orduan Basque Studies Program izena zuenaren baitan sortua, lehenengo dantzariak Donostiatik ikastaroren bat egitera pasatutako bi euskal amerikar, eta Renon ikasle edo irakasle ari ziren beste hiru Euskal Herriko euskaldun izan zituen. Hortik aurrera, Renoko Unibertsitateko euskara ikasleen artean eta bestelako lagunen artean joan ziren biltzen jendea --tartean euskaldundu zen japoniar bat-- eta, denborarekin, ikasle euskaldun zein ez-euskaldunak, Euskal Herrian eta euskal dantzetan interesatuak.

Ekitaldian lore-sorta bat eman zioten Lisa Corcosteguiri, baina seguruenik berarentzat eta taldeko gainerakoentzat saririk ederrena jendea biltzea izan zen, eta txalotzeko bildu izana gainera. Publiko erraza zen, lagun eta adiskideak, bestela esanda lagun baten urtebetetzea ospatzera doan jende multzoa, hein handi batean bederen. Eta bertaratutakoek hunkitu eta txalotu zuten bezala, geuk ere, EuskalKultura.com-etik, lerro hauek baliatu nahi ditugu errekonozitzeko eta eskerrak emateko hogei urteko lanagatik, lan entusiasmatuagatik, honelako lana eta dedikazioa ez baita beste gisa batez egiten ahal. Zorionak, Lisa, Enrike eta Zenbat Garako lagun guztiei!

 

Renoko Zenbat Gara Euskal Kultura eta Dantzari Taldea bere 20. urtebetetzea ari da ospatzen aurten

Zenbat Gararen 20. urteurrena ospatzeko emanaldira bildutako jendearen gaineko ikuspegia, Renoko 'Mckinley Arts and Culture Center' delakoan (argazkia EuskalKultura.com)

Dokumentuaren akzioak