Dokumentuaren akzioak
Radio & Juliette Miarritzen
Edward Clugek Radiohead taldearen musikarekin sortutako obra emango dute Maitaldian
SEKULA ULERTU GABEKO MAITASUNA. Edward Clugek azaldu duenez, koreografia Julietak Romeo hilik aurkitzen duen unean hasten da. «Sekula ulertu ez den maitasunaren atzera begirakoa da ikuskizuna».
Radioheaden musika inspirazio iturria izan da koreografoarentzat, Clugek berak onartu duenez. Balletak etengabeko erreferentziak egiten die egungo arazoei. Antzinako istorioa izanagatik, egileak gaurkotasunezko obra sortu nahi izan du, eta Radioheaden kantuetan politika, arazo sozialak eta bestelakoak islatuta daudela uste du. Unibertso musikal hori oholtzan islatzea du helburu.
Radio & Juliette gauzatzeko Esloveniako Maribor Balletaren parte-hartzea izan du Edward Clugek. Errumaniako koreografo eta dantzari preziatuak proiektua aurrera ateratzeko proposamena egin zion dantza taldeari eta elkarlan horren fruitua gaur ikusi ahal izanen da Miarritzen. Sarrera merkeena 14 euroren truke erosi ahal da, eta garestiena 25 euroren truke.
Miarritzeko Maitaldia dantza festibalaren 16. ekitaldia hilaren 8an hasi zen eta 17an amaituko da. Egunotan kale ikuskizunak areto barrukoekin nahastu dira egitarauan. Gaur, ikusmina piztu duen ikuskizun honen txanda izanen da.
Dokumentuaren akzioak