Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pujana maisuaren oroimenez

Dokumentuaren akzioak

Pujana maisuaren oroimenez

Jose Lorenzo Pujana Ordiziako dantza maisu handia jaio zela 150 urte bete dira aurten. Hura omentzeko, dantza asteburu berezia prestatu dute Amets Bide dantza taldekoek
Egilea
A. Vierbücher
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2018/05/23
Lotura
Goierriko Hitza

2018a urte berezia da Ordiziarentzat, eta baita dantzarentzat ere. Batetik, hiribilduaren 750. urteurrena ospatzen ari da udalerria; eta, bestetik, 150 urte dira Jose Lorenzo Pujana dantza maisu ordiziar handia jaio zela. Bere garaian Iztueta maisuak egin bezala, Pujanak dantzari lotutako ibilbide oparoa egin zuen, eta dantzaren transmisioan burututako lana azpimagarria izan zen.

Bi urteurrenak batu nahian, Ordiziako Amets Bide dantza taldea, sekula baino dantza asteburu bereziagoa eta oparoagoa prestatzen ari da. Etzi ekingo diote egitarauari, eta igandera arte jarraituko du.

Helburuak ere hainbat badituzte Amets bideko dantzariek: dantzak Ordiziako herrian izan duen garapena ezagutaraztea, dantzaren balioa erakustea eta dantza-ohiturak sendotzea. Azkenik, Pujana dantza maisu handia omentzea ere bai.

Egitarau oparoa

Lehenengo, ostiralean haurren txanda izango da. Izan ere, umeen emanaldiarekin ekingo diote dantza asteburuari. Lau urteko txikienetatik hasi eta 12 urtera artekoen taldeek egingo dute dantza emanaldia, Ordiziako Plaza Nagusian, etzi 19:00etan hasita.

Larunbatean, berriz, 2015ean sortu zuten Ordiziako zortzikoaren 3. edizioa egingo dute. Pujanaren urteurrena dela eta, Ordiziako txistulariak, Beasaingo Aurtzaka dantza taldea eta Ordiziako Amets Bidek elkarlanean emanaldi polita prestatu dute. Urteroko soka-dantzariez gain, ezpata segizio bat ere osatuko dute. Guztira 120 dantzarik eta 20 musikarik parte hartuko dute. Hasiera 19:30ean izango da, Barrena Parketik.

Pujanaren mendeurrenean egin bezala, Kale Nagusian, dantza maisuaren jaiotetxe aurrean, ezpata-dantza dantzatuko dute. 20:00ak aldera, Garagartza Plazan Pujanatarren familiari omenaldia eskainiko diote. Amaiera Plaza Nagusian izango du segizioak. Afalondoren sinadura ekitaldia eta Belaño taldearekin erromeria izango dira.

Dantzari txikiak igandean

Igandean, berriro ere haurrek hartuko dute kalea. Urtero bezala, herrian barrena desfilea egingo dute. Amets Bide eta Aurtzakako dantzariez gain, Zaldibiako Iztueta, Lazkaoko Oin-Arin, Orkoiengo Baietz eta Legorretako Irrintzi Alai taldeetako dantzariek parte hartuko dute. Barandiaran Plazan egingo dute alardearekin eta taldeko argazkia aterata amaituko dute goiza.

Eguerdian bazkaria egingo dute, eta ondoren haurrentzat jolasak izango dira. Asteburua borobiltzeko, Tio Teronen semeen eskutik Festamentua dantza ikuskizun berriaren Gipuzkoako estreinaldia izango da, plazan.

Ordiziako_zortzikoa

Dokumentuaren akzioak